Basurde uxaldi bat egin dute Igeldon, eta galdutako zakur baten bila dabiltza helikopteroan
Goizean Ondarreta ingurutik edo Kontxatik zebiltzan herritarrek Ertzaintzaren helikoptero bat ikusiko zuten bueltak ematen; bada, Igeldon galdutako ehiza zakur baten bila dabil helikopteroa. Izan ere, Martin Ibabe Herri Segurtasuneko zinegotziak azaldu duenez, basurde “asko” dabiltza azkenaldian Igeldotik, eta populazioa kontrolatzeko, “baimendutako basurde uxaldi bat” egin zuten atzo, hilaren 17an, Igeldoko zona batean. Gipuzkoako Foru Alduundiak agindu zuen uxaldia, eta hainbat ehiztarik zein zakurrek hartu zuten parte.
Ibabek azaldu duenez, zakurretako batzuk, basurdeei jarraika, Tximistarriko kala ingurura joan ziren, eta han gelditu ziren, atera ezinik. Ondoren, animaliak erreskatatu zituzten, baina zakur bat han gelditu zen, eta, hain zuzen ere, horren bila dabil Ertzaintzaren helikopteroa.
Zinegotziak, gainera, esan du azkenaldian, “neguan ohikoa izaten den moduan”, basurde asko dabiltzala hiriaren “inguru perimetralean”. Hau da, Ibaberen arabera, Igeldon ez ezik, Altza inguruan ere badabiltza, esaterako. Zinegotziak ez du zehaztu zenbat basurde bota zituzten atzoko uxaldian.