Hamahiru pertsona atxilotu dituzte bart, lapurretak direla eta
Udaltzaingoak eta Ertzaintzak hamahiru lagun atxilotu ditu bart gauean Donostian, denak lapurretak direla eta. Martin Ibabe Hiri Segurtasuneko zinegotziak eman ditu datuak, eta egoerarekin “kezkatuta” agertu da. “Gau zaila” izan dela salatu du, eta nabarmendu du atxiloketa kopuruak hiria bizitzen ari den “errealitatea” islatzen duela, “baina baita hiriak duen poliziaren presentzia nabarmena ere, bero-beroan egindako atxiloketak direlako”.
Hamahiru atxiloketetatik, bederatzi Udaltzaingoak gauzatu ditu, denak Parte Zaharrean. Sei sakelako telefonoak lapurtzeagatik izan dira, bi saltokietan lapurtzeagatik eta bat etxebizitza batean lapurtzeagatik. Beste lau atxiloketak, aldiz, Ertzaintzak gauzatu ditu; bi Erdialdeko saltoki komertzial batean lapurtzeagatik eta beste bi Loiolako Erriberako saltoki batean lapurtzeagatik.
Asteartean, Eneko Goia alkatea ere kezkatuta agertu zen azkenaldian hirian gertatzen ari den lapurreta kopuru handiarengatik, eta epaileetan jarri zuen fokua, salatu baitzuen lapurretak gauzatzen dituztenetako asko “berrerorleak” direla. Era berean, nabarmendu zuen hiriak duen presentzia poliziala “egokia” dela, eta Donostia “hiri segurua” dela. Ibabek ere alkatearen ildo beretik jo du, arlo judizialari egin baitio erreferentzia: “Gure eskuan dago polizia lana egitea, baina lana ez da hor bukatzen. Orain, atxilotuak dependentzia judizialetara doaz, eta bakoitzaren curriculuma ikusi behar da”.