Realak Europako postuetan gora egiten jarraitu nahi du, derbia irabazita
Leipzigetik sentipen onekin itzuli ondoren, Realak beste partida garrantzitsu bat jokatuko du igandean: Athleticen aurkako euskal derbia, San Mamesen. Isaken eta Januzajen baja garrantzitsuak ditu Realak –Isakek Leipzigen aurkako neurketaren aurretik hartu zuen mina eta Januzajek Granadaren aurka–, beraz, Sorlothekin, Oiartzabalekin eta Porturekin jolastu beharko du talde txuri-urdinak aurrean, nahiz eta hirurek osteguneko neurketa osorik jokatu zuten. Derbia izateagatik ez ezik, sailkapenera begira ere norgehiagoka garrantzitsua izango da igandekoa, Reala ligako seigarrena baita (38 puntu), eta Athletic zortzigarrena (34 puntu). Irabaziz gero, Imanol Alguacilen taldea laugarren posturaino ere iritsi daiteke, 39 puntu baitituzte Atletico Madrilek (bosgarrena) eta Bartzelonak (laugarrena).
Saskibaloian, Ibaeta Basket Galiziara joango da igandean, Baxi Ferrolen aurka jokatzera. Sailkapenean gora egiten jarraitzeko neurketa erraza izan beharko luke donostiarrentzat, galiziarrak ligako azken sailkatuak baitira.
Eskubaloian, Bera Berak Andaluzian jokatuko du bihar, Costa del Sol Malagaren aurka. Ligako lidergoa sendotu nahi du Bera Berak, eta horretarako, garrantzitsua da Costa del Sol Malagari irabaztea. Andaluziarrak ligako bosgarren sailkatuak dira.
Izotz hockeyari dagokionez, Txuri Urdineko mutilek Majadahondaren etxean jokatuko dute larunbatean, 15:15ean. Donostiarren aurkari zuzena da Majadahonda, ligako bosgarren sailkatua baita, eta seigarrena Txuri Urdin.
PARTIDAK
Futbola
Gizonezkoen lehen maila, 25. jardunaldia
- Athletic – Reala (igandea, 20, 21:00etan).
Saskibaloia
Emakumezkoen lehen maila, 21. jardunaldia
- Baxi Ferrol – Ibaeta Basket (igandea, 20, 18:00etan).
Eskubaloia
Emakumezkoen lehen maila, 15. jardunaldia
- Costa del Sol Malaga – Bera Bera (larunbata, 19, 18:00etan).
Izotz hockeya
Gizonezkoen lehen maila, 20. jardunaldia
- Majadahonda – Txuri Urdin (larunbata, 19, 15:15ean).