Parte Zaharreko kaleetara itzuli dira Kresalako inude eta artzainak
Aurten, bai. Bi astez atzeratu arren, Kresala elkarteko inude eta artzainek Parte Zaharreko kaleak hartu dituzte. Baita Konstituzio plaza ere.
Kresalako inude eta artzainak, Parte Zaharreko Kale Nagusian. (Argazkia: Inaxio Esnaola) Euriak eta eguraldi petralak ez du zapuztu Kresalakoen nahia. Iaz ez desfilatzea erabaki zuten, baina aurten ez dute hutsik egin. Pako Sexmilok hedabide honi aurreratu gisara, dena nahiko normal egin dute.
Euskal Herria kaleko egoitzatik 12:00ak pasata atera dira, eta euripean abiatu dute desfilea inude eta artzainek, gainerako pertsonaiek, danborradak eta musika bandak. Bulebarra zeharkatu, dantza saio bat egiteko aprobetxatu, eta Kale Nagusitik sartu dira, berriz ere, Parte Zaharrera. Jende asko elkartu da Kresalako inude eta artzainak ikusteko, eta berotasuna eskaini diete kalean aurrera egin ahala.
Koruko Andre Mariaren basilika aurrean gelditu dira kantuan aritzeko. Festarik behar bada bertso ezagunaren moldaketa abestu dute, ikus-entzuleen gozamenerako. Jatorrizko letra Joxe Bizente Etxegarairena da, eta doinua Raimundo Sarriegirena. Momentu berezia izan da.
Jarraian, Abuztuaren 31 kalea gurutzatu dute, azkenik, Konstituzio plazara iristeko. Han dantza saioa eskaini dute, ohiko antzezlana egitearekin batera. Azkenik, Euskal Herria kaleko egoitzara itzuli dira zerbait berreskuratu izanaren sentsazioarekin.
Hona hemen, argazki bilduma:

