Elkarrekin Donostiak Mirakruz kalean bidegorri bat jartzeko eskatu du
Elkarrekin Donostiako zinegotzi Haizea Garayk hirian bidegorri sare bat bultzatzeko eskatu dio Udal Gobernuari, auzoak hobeto konektatuta egoteko.
Mirakruz kaletik Ategorrietaraino bidegorri bat egiteko eskaera tradizionala dela gogorarazi du, batez ere hiriaren ekialdean. “Azpiegitura hori oso garrantzitsua da Donostiako ekialdeko auzoen komunikaziorako; izan ere, bidegorri horrekin bizikleta garraiobide gisa erabiltzen duten pertsonek Gros zeharkatzeko aukera ibilbide zuzen baten bidez izango lukete, eta auzo horretatik itzulingururik egin gabe”, adierazi du.
Hala ere, Askatasunaren Hiribidean jarriko den bidegorri posible baten berri izan dutela esan du taldeko kideak: “Alkatearen adierazpenen arabera, ‘bidegorrien sarea zabaltzea ahalbidetuko du, sarea hiriaren ekialderantz zabaltzeko erronkarekin'”. Hori dela eta, Garayk Mugikortasuneko zinegotziari Mirakruzeko zatia egiteari buruz gobernuak egindako aurreikuspenen inguruan galdetu zion hilabete honetako batzordeetan. Zinegotziak Udal Gobernua Datorren Donostia proiektuan zentratuta dagoela erantzun zion. “Mugikortasuneko ordezkariaren arabera, horretatik haratago dagoen guztiak itxoin beharko du”, dio taldeak.
Garayk, ordea, bidegorrien sareak “erabilgarria” izan behar duela dio eta bestetik, izandako esku hartzeak hiriaren erdigunean egin direla nabarmendu du. Askatasun Hiribideko bidegorria, erdiguneko laugarrena litzatekeela esan du Garayk, eta Gros auzoan, Mirakruzen bidegorri bat jartzearekin erdigunea Ekialdeko auzoekin zuzenenean lotuko liratekeela nabarmendu du. “Donostia auzo askoko hiria da, eta badirudi gobernu taldeari etengabe gogorarazi behar zaiola hiria ez dela erdigunean eta ibaian amaitzen”, gaineratu du Garayk.