Aldundiko garbitzaileek lau eguneko greba hasi dute
Gipuzkoako Foru Aldundiko garbikuntzako langileak greban hasi dira gaur. Goizean piketeak egin dituzte hirian zehar eta 10:00etan elkarretaratzea egin dute Gipuzkoa Plazan, foru aldundiaren egoitzaren parean. Foru Aldundiak azpikontratatutako EULEN enpresako garbitzaileek hitzarmen bat eskatu dute, soldata igoera KPIarekin (Kontsumo Prezioen Indizearekin) lotzeko.
2021eko maiatzetik, langileak sektoreko hitzarmen kolektiboa negoziatzen ari dira EULEN enpresarekin. Hainbat bilera egin ondoren, negoziazioa “erabat blokeatuta” dagoela diote langileek: “enpresak argi utzi du negoziazio mahaian ez duela inolako borondaterik langileei erosteko ahalmena bermatzeko” . “EULENek egindako planteamenduak ez dute inongo loturarik KPIarekin eta ELA, LAB eta ESK sindikatuetatik onartezina iruditzen zaigu”. Halako planteamenduek langileen pobretzea dakarrela diote, eta patronalaren jarrera salatu nahi dute. Gainera, EULEN enpresak 2021eko soldatak izoztea planteatu duela azaldu dute. Protesta abiatu duten 120 langileek esku hartzeko eskatu diote aldundiari, eta lau eguneko greba egitea aurreikusten dute.