Barandiaraneko beirate historikoak berrezarri dituzte
Bulebarreko Barandiaran kafetegi historikoko lanek aurrera jarraitzen dute, baina bere garaian kendu zituzten beirateak, art-déco estilokoak, berrezarri egin dituzte. Gaur egun Bergara kalean dagoen Antonio taberna irekiko dute han, eta 2020an hasi zituzten lokalaren zaharberritze lanak. Beirateak kendu egin zituzten orduan, Martuteneko Colore kristaldegian zaharberritu ditu Jaime Septien adituak. Lokalaren sabaia jaitsi egin dute, beraz, taberna berria irekitzen dutenean ezingo dira barrutik ikusi; aldiz, argiak jarriko dizkiete atzekaldetik, kaletik ondo ikusi daitezen.
2020an lanak hasi zituzten, eta ordutik, Ancora Ondarearen Babeserako Elkarteak marmolezko fatxada historikoaren eta art-déco estiloko beste hainbat elementuren “suntsiketa” salatu zuen hainbatetan; hain zuzen ere, lanak gelditzea lortu zuen, 2021eko maiatzean. Era berean, Erdi Aroko harresi bat aurkitu zuten lokaleko lanetan, iazko martxoan. Hedabide honek kafetegi ezagunaren historia eta ondarearen ikuspegitik duen balioa aztertu zituen iazko urrian.