"Pandemiak agerian utzi du lehenagotik zegoen erizain falta"
Elkarretaratzea egin dute gaur Groseko anbulatorioan hainbat erizain, mediku eta herritarrek, sindikatuen ordezkariekin batera. SATSE, LAB, ELA, CCOO eta UGTk deituta, greba deialdia dago datorren astelehenerako deituta.
Maitena Larrañaga erizain eta SATSE sindikatuko ordezkariak azaldu duenez, Osakidetzak ez du “pauso bakar bat eman” egindako mobilizazio guztien ondoren. Argi dio, “profesionalak falta dira sisteman eta profesional hauek berreskuratzeko, kalitatea eta lan baldintza duineko lanpostua sortu behar da”. Erretiro eta erreleborako plan zehatz bat eskatu dute ere, “sisteman sartzen direnak gutxiago dira ateratzen direnak baino”.
Profesional falta ez da lehen arretan bakarrik gertatzen “maila guztietan baizik”. Salatzen dutenez “plangintza falta nabarmena dago”. Osasun sistema publikoa ez dago gizartearen beharrei erantzuteko prest, eta horrek “herritarren eta profesionalen artean aliantza bat egotea” ekarri duela uste dute. Inbertsio handiagoa, profesional gehiago, behin-behinekotasuna jaistea.
Larrañagaren ustez, pandemiak agerian utzi du lehenagotik zegoen erizain falta: “Arazoa ez da “koiunturazkoa, egiturazkoa baizik. Pandemiaren pisu handiena erizainengan erori da. Eskatzen duguna da plaza gehiago unibertsitateetan, aurretiko erretiroa eta errelebo aldaketarako plan zehatzak egotea”.