Mikel Zabalza biktima moduan onartu du Eusko Jaurlaritzak, Guardia Zibilak hil eta 37 urtera
Eusko Jaurlaritzak aitortu egin du Mikel Zabalza poliziaren gehiegikerien biktima izan zela, Guardia Zibilak atxilotu ondoren 1985ean hil zelako “izaera bortitza” izan zuela eta torturatu ostean desagerrarazi zutela ondorioztatu baitu. Hori dela eta, 135.000 euroko kalte ordaina emango dio familiari. Batzordeak, hain zuzen ere, familiak gertatutakoaz galdetzean jasotako “tratu ankerra” gaitzetsi du txostenean.
Hala dago jasota Balorazio Batzordearen irizpenean 1978tik 1999ra bitarteko polizia-gehiegikerien euskal legeari jarraiki aurkeztutako aitorpen eskaeren gainean. Aitorpen horren ondoren, bihar lore eskaintza egingo da Orbaizetako (Nafarroa) Zabalza familiaren baserrian, eta bertan izango dira Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua, Ana Ollo Nafarroako Herritarrekiko Harremanetarako kontseilaria eta Juana Balmaseda Balorazio Batzordeko presidentea, Zabalzaren hurbilekoez gain.