'Hirirako emakumeen eskubidea' hitzaldia emango du Ana Falú arkitekto argentinarrak
Elkarbizitzarako hiriak. Hiriarekiko emakumeen eskubidea hitzaldia emango du martxoaren 3an Ana Falú arkitekto eta gizarte ekintzaile argentinarrak. Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialak antolatu du hitzaldia martxoaren 8ko ekimenen baitan, Frantziar pasealekuan duten egoitzan. Sarrera doakoa izango da, baina aurretik izena ematea ezinbestekoa izango da.
Falúk 40 urte baino gehiago daramatza emakumeen eskubideak hirigintzatik aldarrikatzen borrokan. Hitzaldian hiri diseinuak emakumeen aurkako indarkerian maila guztietan nola eragiten duen azalduko du, “hirirako eskubidea mugatzeak eta kentzeak dakarren indarkeriatik hasita”.
Kordobako (Argentina) Unibertsitate Nazionaleko irakasle emeritua da Falú, NBE Emakumeak (UNIFEM oiha) erakundeko zuzendaria izan da eskualde andinoan eta Brasil eta Hego Konoko herrialdeetan. Ikerketa eta ekintza feministaren arloan, ekimen instituzional ugari bultzatu ditu, eta 1980ko hamarkadatik aurrera, emakumeen hirirarako, etxebizitzarako eta habitaterako eskubideak ezartzen lagundu du.
Hitzaldian emakumeak hirian eskubide osoz sartzeko dituzten zailtasunak aldarrikatuko ditu: “Emakumeak arlo publikoan erabat sartzea zailtzen duen faktoretako bat da emakumeen aurkako indarkeria, eta horrek berak emakumeek hirira sartzeko eskubideak murrizten ditu. Ekarpen teoriko feministei esker ulertu ahal izan dugu gizonen eta emakumeen arteko desberdintasun-harremanak lurraldearen, etxebizitzaren, auzoaren, hirien eskala ezberdinetan nola gertatzen diren”.
Argentinarra aurkezten Juana Aranguren abokatua izango da, emakumeen eskubideen defentsan, familia gaietan eta indarkeria sexistaren arloan aditua, Donostiako Emakumeen Etxeko teknikaria ere bada.
Hitzaldia Gipuzkoako EHAEOren egoitzan (Frantzia pasealekua, 11 – Donostia) izango da, 18:00etatik aurrera, eta sarrera doakoa izango da. Hala ere, aldez aurretik izena eman beharko da Gipuzkoako EHAEOren webgunean, lekuak mugatuak baitira. Bestalde, hitzaldia online jarraitzeko aukera ere zabalduko da.

