Osakidetzako garbitzaileek gainerako langileen lan baldintza berdinak nahi dituzte
Osakidetzako zentroen garbiketaz arduratzen diren langileek lau urte daramatzate lan baldintza duinak eskatzen. Gaur goizean LAB, UGT, CCOO eta ESK sindikatuek deituriko elkarretaratzean hainbat langilek parte hartu dute. Funtsezkoak bagara baldintza duinak eta Homologazioa ez ukitu! leloen bidez euren aldarrikapenak plazaratu dituzte.
Hitzarmen kolektiboaren negoziazioa “blokeo egoeran” dagoela adierazi du Naiara Carvajal LABeko Garbiketa sektoreko arduradunak: “Osakidetzako langileen homologazioa eskatzen dugu. Hau da, garbiketa zerbitzuko langileek Osakidetzako gainerako langileen lan baldintza berak izatea. Negoziazio prozesuan oztopoak izaten ari gara patronalarekin eta Osakidetzarekin”. Hori dela eta, mobilizazioak egiten ari dira. Bilbon hasi ziren protestekin, eta gaur Donostian egin dute. Hurrengoa Gasteizen izango dela aurreratu du Carvajalek.