5.000 emakumek parte hartuko dute Lilatoiaren 32. herri lasterketan
Iazko proba birtualaren ondoren, Donostiako Atletikok lasterketa presentziala berreskuratuko du. 5 kilometroko proba Bulebarrean hasi eta bukatuko da. Emakumeen Etxeko batukadak eta 3txulo txarangak girotuko dute lasterketa.
32. Lilatoiaren aurkezpena, Donostiako Udaletxean. (Argazkia: Inaxio Esnaola) Etzi Donostiako kaleetara itzuliko da Lilatoia, pandemiak ekarritako neurriak arindu ostean. 2020ko hiriko azken herri lasterketa izan zen, eta iaz proba birtualarekin konformatu behar izan ziren parte hartzaileak. Aurten, ordea, jatorrizko formatua berreskuratu du Donostiako Atletikok. Presentziala izango da, eta duela bi urteko ibilbide bera izango du.
Guztira, 5.000 emakumek eman dute izena bi modalitatetan: korrika eta handbike-a. Antolatzaileek jakinarazi dute Gipuzkoakoak direla gehienak, baina Euskal Herriko beste hainbat txokotatik ere etorriko direla Donostiara. Hala nola, Bilbotik, Gasteiztik, Iruñetik eta Ipar Euskal Herritik. Horrez gain, Madrilgo parte hartzaileak ere egongo dira.
Martin Ibabe Kiroletako zinegotziak adierazi du «harro egoteko modukoa» dela Lilatoia berriz ere kalera atera ahal izatea. «Donostia erreferentea da emakumezkoen kirolari dagokionez, eta Lilatoia horren parte ere bada. Donostia Kirolaren helburu estrategikoetako bat da emakumeek ere kirola egitea», azaldu du Ibabek. Iritzi berekoa da Gipuzkoako Foru Aldundiko Kirol zuzendari Goizane Alvarez: «Lilatoia oso garrantzitsua da emakumeentzat. Kirola egitera bultzatzen ditu emakume asko. Hain zuzen ere, Lilatoiak bat egin du aldundiak sustaturiko Emakumeok Mugimenduan kanpainarekin, eta helburua da kirolean emakumeak aktibatzea».
Bulebarrean hasi eta bukatuko da lasterketa, 5 kilometroko ibilbidea beteta. Erdialdea eta Gros zeharkatuko dituzte parte hartzaileek. Proba 10:30ean abiatuko da, baina 09:30etik aurrera Bulebarra girotuko dute Emakumeen Etxeko batukadak eta 3txulo txarangak. Ibilbidearen zati handi batean ere musika jarriko dute bozgorailuetatik. Horrekin batera, 09:45ean lasterketa aurreko beroketa gisa zunba saioa egingo dute.
Parte hartzaileek ordubete izango dute gehienez ibilbidea egiteko, eta, ondoren, Alderdi Ederrera joan beharko dute. Han izango dituzte proba egin osteko jatekoak eta edatekoak. Jarraian, sari banaketa egingo dute. Kategoria bakoitzeko hiru korrikalari azkarrenek jasoko dute saria, eta baita ere hiru talde handienek. Bestalde, dutxa zerbitzua Belodromoan eta Bentaberri kiroldegian izango dute parte hartzaileek, Kontxako aldagelak berritzen ari direlako.
Euro solidarioa
Aurreko urteetan ez bezala, aurten izen emateak 12 euroko prezioa izan du. Euro solidarioa gaineratu dio Donostiako Atletikok. Bildutako diru guztia Why Not fundazioak jasoko du. Buruko gaitzak dituzten pertsonen eta haien senideen bizi kalitatea hobetzeko lan egiten dute. «Euro solidarioaz harago, guretzat oso garrantzitsua da emango diguzuen ikusgarritasuna. Pandemia hasi zenetik, gehiago hitz egiten da buruko gaitzez, baina oraindik asko dugu egiteko. Aurreiritzi eta tabu asko daude. Horregatik, Lilatoiari asko eskertu nahi diogu guri adierazitako elkartasuna», azaldu du Ainara Hernandok, Why Not fundazioko kideak.
HITZA TALDEA, PREST
Lilatoian parte hartzeko taldea osatzen du urtero Irutxuloko Hitzak beste eskualdeetako Hitzekin batera. Donostiakoek ez ezik, beste hainbat herri eta hiritako emakumeek ere bat egiten dute Hitza taldearekin. Helburua da eskualde guztietako Hitzen bidez emakumeak elkartzea eta saretzea. Aurten, Hitza taldearen 11. urtea izango da. Iaz ez zuten taldea osatu Lilatoia birtuala izan zelako.
Aurten, berriz, lasterkariak kalera aterako dira, eta baita Hitza taldea ere. 60 emakumek eman dute izena Hitza taldearekin korrika egiteko. Euskal Herriko hainbat txokotakoak dira: Donostia, Errenteria, Oiartzun, Azpeitia, Mutriku, Lekeitio eta Ondarroa. Urtero kamisetak prestatzen dituzte Hitza taldearen parte hartzaileentzako.
Hitza taldekoak Santa Katalina plazatxoan elkartuko dira etzi, 09:30ean. Han banatuko dizkiete 32. Lilatoirako egindako kamisetak. Era berean, talde argazkia egingo dute, eta elkarrekin lasterketa aurreko beroketa egiteko aukera izango dute. Ondoren, bakoitza nahieran egin ahalko du Lilatoia, Hitza taldearekin batera edo bere erritmora.
Urtero Hitza taldeak Lilatoiaren gisako egitasmo batean parte hartzera animatu nahi ditu emakumeak, belaunaldiarteko askotariko taldea osatzeko eta elkarri indarrak emateko, elkarrekin ahalduntzeko. Horrekin batera, Hitza taldeak Lilatoia euskaraz bizitzea sustatu nahi du, euskara espazio eta testuinguru guztietara eramateko, eta pertsonen arteko lotura izateko.

