Tanit taberna itxiko dute
Donostiako taberna mitikoenetako batek agur esango du martxoaren bukaeran: Amara Berriko Tanit tabernak. Establezimenduak berak bere sare sozialetan jakinarazi duenez, lizentziaren izena aldatu diete, eta horrek dakartzan arauak ezin dituztenez bete, “behin betiko ixtera behartuta” ikusten dute euren burua. Martxoaren amaieran itxiko dute atea betirako, eta agur festa bat ere egingo dutela iragarri dute. Era berean, herritarrak hilabetean zehar tabernatik pasatzera animatu dituzte, azken agurra emateko.
Tanit taberna 1977an ireki zuten, eta 45 urteko ibilbidea egin du Eustasio Amilibia kaleko 6. zenbakian. Donostiako lehenengo musika tabernetako bat izan zen, eta barrualdean 1980ko hamarkadako estiloa mantendu dute. Asko dira handik musikaz gozatzera, zerbait hartzera edo beheko solairuko billarrean jolastera pasa diren donostiarrak, baina orain agur esateko unea iritsi da.