Berdintasun legea berritu eta berdintasunaren aldeko konpromisoa indartuko duela adierazi du udalak
(Argazkia: Inaxio Esnaola) Donostiako Udalak martxoaren 8ko erakunde adierazpena aurkeztu du udaletxeko prentsa aretoan. Udal talde guztiek parte hartu dute, EH Bilduk izan ezik. Berdintasunaren legea berritzea, berdintasunaren aldeko konpromisoa indartzea lelopean hamar konpromiso jasotzen dituen adierazpena irakurri dute Eneko Goia alkateak, Ane Oiarbide Berdintasun zinegotziak, Nekane Arzallus Hirigintza zinegotziak, Duñike Agirrezabalaga Hiri Proiektuen zinegotziak, Aitzole Araneta Elkarrekin Donostiaren bozeramaileak eta Borja Corominas PPko bozeramaileak.
Hona hemen hamar konpromisoak:
1.- Berdintasunaren arloko politiken eta zerbitzuen diseinuan eta plangintzan aurrera egiteko, dagozkien/on jarraipen- eta ebaluazio-mekanismoak bultzatzeko eta indartzeko, bai eta arauak, jarraibideak eta gidalerroak egiteko ere, lege honetan eta lege hau garatzeko araudian ezarritakoa beren esku-hartze eremuetara zehazteko eta egokitzeko, eta behar diren baliabideak emateko.
2.- Berdintasun-politikak garatzeko baliabide ekonomikoak, pertsonalak eta teknikoak indartzea.
3.- Berdintasunaren aldeko lanean generoaren eta giza eskubideen ikuspegia indartzea, bai eta Udaleko arloen arteko koordinazioan ere eta administrazioko langileen berdintasunari buruzko barne-prestakuntza bultzatzea, oinarrizko, derrigorrezko eta etengabeko prestakuntza-plana progresiboki planifikatuz.
4.- Emakumeen aurkako indarkeria matxista mota guztien biktimei arreta emateko sistema zabaltzea, gure eskumenen esparruan, detekzio goiztiarreko sistemen hobekuntzan aurrera eginez, neurri guztien erdigunean biktimen eskubideak eta haien ahalduntzea kokatuz, eta biktimen erreparazio-eskubidearen aitorpena aintzat hartuz.
5.- Kontratu publikoetan gizonen eta emakumeen arteko berdintasun klausula sozialak txertatzen jarraitzea, enpresek lan-arrakalak murrizteko neurriak ezar ditzaten.
6.- Zaintzen erronkan inplikatuta dauden gainerako erakundeekin lanean jarraitzea, pertsona guztien beharrei erantzungo dieten politikak ezarriko dituen estrategia bat lantzeko, haren dimentsio guztiak kontuan hartuta. Ildo horretan, udal- eta foru-zaintza taldeak erabiliko dira zaintzen-sistema aztertu eta landuko duten estrategien elkarrizketarako gune gisa, eta haien lanari balioa ematen eta erantzukidetasuna sustatzen jarraituko dute.
7.- Ikuspegi intersekzionalaren integrazioan aurrera egitea, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko esku-hartze publiko osoaren ikuspegi inspiratzaile gisa.
8.- Herritarren sentsibilizazioan sakontzea, gizartea kontzientziatzeko eta emakumeak ahalduntzeko kanpaina eta programa instituzionalak daudela bermatuz, bereziki gizonak eta haurrak, eta berdintasunaren aldeko emakumeak, nerabeak eta neskak ahalduntzeko neurriak osotasunean garatzen jarraitzea, mugimendu feministaren parte-hartzea bultzatuz eta haien ekarpenak sartuz.
9.- Erakundeen akordioak eta koordinazio-sistemak eta -protokoloak hobetzea eta aldian-aldian eguneratzea.
10.- Martxoaren 8a dela-eta Donostian deitutako mobilizazioetan parte hartzeko deia egiten diegu herritarrei.
EH Bilduren adierazpen proposamena
Martxoaren 8ko erakunde adierazpen proposamen propioa prestatu du EH Bilduk. “Argitu behar da proposamen hori ez dela eztabaidatu, Reyes Carrere EH Bilduko bozeramaileak ezin izan baitu defendatu gaur goizean premiaz deitutako Bozeramaileen Batzordean”. Gai zerrendaren deialdia 08:15ean jaso dutela dio udal taldeak, eta batzordea 08:30ean egin dela. “Oso adierazgarriak dira udal gobernuaren modu txarrak EH Bilduren proposamena negoziatzera ere ez sartzeko”, salatu dute. Horrekin batera, ondorengoa ez zaio onargarria iruditzen EH Bilduri: “Premiazko Bozeramaileen Batzorde bat deitu izana, martxoaren 8a, zerbait bada, aurreikus daitekeen data baita. Gogoratu behar da, indarrean dagoen araudiaren arabera, Gai zerrendadun deialdia, gutxienez, berrogeita zortzi ordu lehenago bidali behar dela”.

