"Easoko hasierako proiektua herritarren iritziak entzun gabe aurkeztu dute"
Easoko trenbidea. (Argazkia: Mikel Elkoroberezibar Beloki)Mikel Elkoroberezibar Beloki Donostiako Udal Gobernuak Easoko trenbidearen eremua antolatzeko hasierako proposamena aurkeztu zuen otsailaren 22an. Horrek, Amarako bizilagunen eta auzo elkarteen artean “egonezina” sortu duela ohartarazi du EH Bilduk, gaur goizean egindako prentsa agerraldian.
“Herritarren iritzia entzuteko eta eremuari eman beharreko erabilerak eztabaidatzeko parte hartze prozesua jarriko zuela abian iragarria zuen udal gobernuak. Baina, azkenean, hasierako proiektua aurkeztu dute, herritarren iritziak entzun gabe eta erabilerei buruz eztabaidatu gabe”, adierazi du Markel Ormazabal zinegotziak. Udal gobernuaren “gobernantza eredu bertikalaren” beste adibide bat dela gaineratu du.
Hasierako proposamenaren aurkezpenean, Hirigintza zinegotzi Nekane Arzallusek esan zuen proiektua udaleko gainerako udal taldeekin eta eremuan bizi diren herritarrekin landuko dutela. Dena dela, Ormazabalek azaldu du udal gobernuak legeak eskatzen duen “gutxieneko partaidetza prozesua” baino ez duela egingo. “Proiektua Hiri Antolamendurako Plan Orokorra aldatzeko prozesuan sartuko da, eta prozesu horretan parte hartze legezko mekanismo batzuk aurreikusten dira. Baina hasierako proiektua herritarrei entzun aurretik aurkeztuta egoteak asko mugatzen du bizilagunek hobekuntzak egiteko dituzten aukerak”.
Horiek horrela, EH Bilduk udal gobernuari partaidetza prozesuaren nolakotasunaren inguruan galdegin dio. “Beraz, orain galdera da herritarrek zer neurritan egin ahal izango dituzten ekarpenak, zer neurritan aldatu ahal izango den udal gobernuak aurkeztutako proiektua eta nola hartuko diren erabakiak oso proiektu desberdinak aurkezten badira. Bestela esanda, udal gobernuak argitu behar du ea parte hartze mekanismo zuzenen bat ezarriko duen erabakiak hartzeko –adibidez, herri kontsulta bat–, edo udal gobernuak berak izango duen aurkezten diren proposamenen gainean erabakitzeko ahalmen esklusiboa”, adierazi du Ormazabalek.
Datorren asteleheneko udal batzordeetan, EH Bilduk udal gobernua interpelatuko duela aurreratu du Ormazabalek: “Zehazki, EAJri eta PSE-EEri galdetuko diegu ea zergatik ez duten aintzat hartu Amara eta Morlansko bizilagunen iritzia bere egitasmoa aurkeztu aurretik eta, beste aldetik, galdetuko diegu ea ba al duen udal gobernuak asmorik aurretik ere iragarritako bestelako partaidetza bitartekoak garatzeko”.

