Auditz Akularreko lanetan hartutako hiru laginetik batean amiantoa topatu dutela dio EH Bilduk
"Donostiako Udaleko Ingurumeneko zuzendariak gaur onartu du Altzan jasotzen diren hiru amianto laginetatik bat positiboa dela".
Altzako Auditz Akular eremuaren zati bat. Joan den astean agerraldia egin zuen Donostiako EH Bilduk Auditz Akularren amiantoa agertu zela eta, hirigintza plana bateragarria ez zelakoan. Gaur, Donostiako Udaleko Ingurumeneko zuzendariak “Altzan jasotzen diren hiru amianto laginetatik bat positiboa dela” onartu duela zabaldu dute.
EH Bilduk adierazi duenez lehen aldia da horren “gordin” adierazten direla datuak eta lehen bai lehen erabaki bat hartu behar dela uste dute. Hedabide honi adierazi diotenaren arabera, “zuzendari horrek berak joan den astean adierazi zuen zail ikusten zuela Auditz Akularreko egitasmoa aurrera egitea, amiantorik baden jakiteko egin beharko diren azterlanek asko luzatu eta garestituko dutelako dena”
Hirigintza proiektuan aldaketak egiteko eskatuz
Auditz Akularreko hirigintza planak alegazio eta kexa asko jaso ditu Altzako elkarte askoren partetik. “Hirigintza garapen hori gauzatuko balitz, dentsitate handiko eremu honetan berdegune handi bat desagertuko litzateke. Eta ez hori bakarrik, ezin dugu ahaztu espazio natural honen artifizializazioak eragin ekologiko handia izango lukeela”, azaldu zuen joan den asteko agerraldian udal taldeak. Horrekin batera, uste dute oraindik ez dela argitu noraino iristen den amiantoz kutsatutako lurzoruen eremua. “Baina tantaka ezagutuz doazen datuek erakusten dute hirigintza aurreikuspen horiek bideraezinak direla”.
Eusko Jaurlaritzak oraindik ez du eskatu Auditz Akularreko lurzoruak desklasifikatzeko, eta ez da iragarri irizpide hori erabiliko denik dagoeneko abian den Plan Orokorra berrikusteko aldez aurreko lanei begira.

