Azorak Ategorrietako bizilagun batzuk etxegabetuko dituela jakinarazi du
Kaleratzeak Stop taldearen eta Azorako Maizterren elkarretaratzea, Pinudi plazan. (Argazkia: Aitor Odriozola) Azorako Maizterrak, Kaleratzeak Stop eta Alokairu-Bentaberri plataformak IV-Azora funtsak aurrera eraman nahi duen etxegabetze bat eragotzi nahi dute. Pasa den ostiralean, eta alkatetzaren bitartekaritzak bultzaturiko hilabeteko negoziazioaren ondoren, IV-Azozaren abokatuak ahoz jakinarazi diete Iñaki Setien eta bere familiaren etxebizitza “berreskuratu” nahi duela. Hau da, ez dute etxegabetzea geldituko eta maizterrek giltzak hilaren 15erako –biharko– entregatu behar dituzte.
Setien bera da Azorako Maizterrak bizilagun elkarteko presidentea, eta denbora da bere familiaren kontratua eten zela. “Bide bera egin dezaketen hamar familia apal baino gehiago daude. Ez badute onartzen ordaintzen dituzten 750 eta 900 euro arteko errenten gaineko %33ko igoera, etxegabetuak izango dira”, ohartarazi dute plataformek.
Bihar etxegabetzea bertan behera geratzen ez bada, etzi, hilaren 16an, Ategorrietako hiribideko 43. atariaren aurrean elkarretaratzea egingo dute plataformek etxegabetzea galarazteko. 09:30etan geratu dira, eta bertan parte hartzera dei egin diete herritarrei, gizarte erakundeei eta erakundeetako ordezkariei.

