Etxe azpian jarri nahi dieten ostatuaren aurka egin dute
Antiguako Arriola pasealekuan eraikin baten sotoa berritzen ari dira ostatu bihurtzeko. 15. eta 17. zenbakietako bizilagunek ostatuaren proiektua gaitzetsi eta epaitegietara jo dute.
Liderko Hostel enpresa Arriola pasealekuko lokal bat egokitzen ari da ostatu bat jartzeko. (Argazkia: Inaxio Esnaola) Iazko abuztuan hasi ziren Antiguako Arriolako pasealekuko lokal bat ostatu bihurtzeko lanekin. Donostiako Udalak hilabete lehenago, 2021eko uztailaren 19an, baimendu zion obra Liderko Hostel enpresari. Gazteentzako 26 gela handi eta 220 ohe izango dituen ostatua jarri nahi dute.
Arriola kaleko 15., 17., 19. eta 21. zenbakietako sotoa da egokitzen ari direna. Bi etxebizitza bloke eta auzokideen bi erkidego daude. Horietako batek, 15. eta 17. zenbakietako bizilagunek osatzen duten erkidegoak, ostatuaren proiektua gaitzetsi eta auzibide administratiboan salaketa jarri dute. «Hedabideekin hitz egitea erabaki dugu udalak ez digulako jaramonik egiten», salatu dute.
Hasieratik «informazio» falta izan dutela diote. «Enpresak obra abiatu zuen, eta zigun inolako azalpenik eman. Aldiz, beraien abokatuaren partetik mehatxuak jaso ditugu». Iazko abuztuaren bukaeran egin zuen lehen bilera auzokideen erkidegoak, eta ordutik hainbat pauso eman dituzte. Lehenik, Donostiako Udaleko Hirigintza Sailari ostatuaren proiektua eskatu zioten. «Hainbat dei egin ostean, ukatu ziguten proiektu hori existitzen zenez. Ordea, idatziz eskatutakoan, ostatuaren proiektua baieztatu eta xehetasunak pasa zizkiguten».
Arriola pasealekuko lokala soto bat dela diote bizilagunek. Ordea, Liderko Hostel enpresak aurkezturiko proiektuaren arabera, beheko solairu bat da. Hori argitzeko bizilagunek bi arkitekto kontratatu zituzten, azterlan bat egiteko. «Azterlanek erakusten dute lokal horren ezaugarriak ez direla bateragarriak proposatzen den jarduerarekin. Hau da, lokal horrek ez ditu beheko solairu baten baldintzak betetzen», azaldu dute bizilagunek.
«Eskuak garbitu dituzte»
Bizilagunek kexa formal bat helarazi zioten Hirigintza Sailari. «Oso berandu erantzun ziguten, epez kanpo. Ez zuten auzian sartu nahi izan, eta ez ziguten azalpenik eman. Eskuak garbitu dituzte. Udalarekin ez dugu harremanik», salatu dute. Aldiz, 19. eta 21. zenbakietako auzokideen erkidegoa udalarekin bildu dela jakin ahal izan dute. «Lokala neurtzera udal teknikariren bat bidaliko adierazi zieten, baina hona ez da inor etorri».
Eneko Goiak asteartean adierazi zuen ez duela izan bizilagun hauen salaketaren berri, baina nabarmendu zuen Arriolako lokalak hirugarren sektoreko erabilera duela.

