40.045 afari solidario banatu dituzte herritarrek urtebetean
Egiako kaleko afari solidarioak ekimenak urtebete bete du asteburuan, eta agerraldia eskaini dute euren egoeraren berri emateko. 2020ko azaroan hasi zen ekimena Konstituzio plazan, kalean bizi diren pertsonei afari bero bat emateko asmoz. Hilabete gutxira, Egiara zabaldu zen eta orain Amaran eskaintzen dituzte ere, afari solidarioak.
Urtemuga ospatu dute “egunero-egunero” afariak banatzeak suposatzen duen arrakasta azpimarratuz. Hori egin behar izatearen porrota ere nabarmendu dute, eta Donostiako Udalaren aldetik konpromiso handiagoa eskatu dute. 150 lagun bizi dira kalean, eta “ardura” guztiona dela aldarrikatu dute. Udalari, neguan La Sirena irekitzeko galdegin diote, besteak beste.
Egindako balantzean, Egian 378 egunetan, 22.895 afari banatu dituztela adierazi dute, Parte Zaharrean, 495 egunetan 16.095, eta Amaran, 59 egunetan 1.055. 40.045 afari dira orotara, eta 80.090 euroko aurrekontua izan dute.
Irutxuloko Hitzak afari solidarioen inguruko erreportaje bat egin zuen Parte Zaharreko taldeak urtebete egin zuenean.

