Eguzkik ohartarazi du Oriako Itxian gero eta legez kanpoko hondakin gehiago pilatzen ari direla
Lasarteko-Oriatik gertu dago Oriako Itxia, baina Donostiako udalerriaren parte da. Iazko abuztuan, Eguzki Erakunde Ekologistak salatu zuen leku horretan hondakinak legez kanpo utzita zeudela. Orain, bigarrenez salatu dute egoera, eremua garbitu ez delako eta gero eta hondakin gehiago pilatzen ari direlako. Hilaren 26ko bideo bat zabaldu dute.
“Bideoan islatzen den hondakin pilaketatik gertu bada bigarren fronte bat, nolabait esateko. Iazko abuztuan, fronte berri hau udalaren aurrean salatu genuenean, hasi berria zen, baina gaur egun lehen frontea bezain handia da”, azaldu du Eguzkik. Iragan abenduan, udalak adierazi zuen hondakinak lursail pribatuetan daudela, eta, ondorioz, jabeei dagokiela garbitzea. “Gauzak horrela, udalak errekerimendu bat bidali behar zien eta, epe jakin batean errekerimendua betetzen ez bazuten, garbiketa udalak berak hatuko hartu behar zuen bere gain, modu subsidiarioan”. Ordea, denbora pasa da, eta oraindik udalak ez du neurririk hartu. “Benetako zabortegi bihurtzeko bidean da”, ohartarazi du Eguzkik.