Dock of the Bay jaialdiak egitaraua osatuko du kontzertuekin, festekin, liburu aurkezpenekin eta irratsaioekin
Maiatzaren 2tik 7ra egingo dute 15. Dock of the Bay Musika Dokumentalen Donostiako Zinema Jaialdia. Principe zinema aretoetan eta Antzoki Zaharrean izango dira filmen proiekzioak. Horrekin batera, beste hainbat jarduera programatu ditu jaialdiak. Hala nola, kontzertuak, jaiak, liburuen aurkezpenak eta irratsaioak. Horien berri eman dute.
Musika eskaintza
Egiako Dabadaba aretoa izango da kontzertuen gune nagusia, eta han egingo dituzte inaugurazio eta itxiera ospakizunak. Gainera, AEBetako Shadow Show taldearen emanaldia iragarri dute. Maiatzaren 4ean ariko dira, eta erritmo psikodelikoak zein harmonia liluragarriak ekarriko dituztela aurreratu dute. Maiatzaren 5ean, berriz, Molly Nilson ariko da zuzenean. Egitaraua Jenesaispop DJak itxiko du. Musika egitaraua osatzeko, maiatzaren 6an, Gastro Soul Partyren emanaldia antolatu dute Gastronomiaren Euskal Kofradian, Parte Zaharrean.
Literaturaren presentzia
Musikak ez ezik, liburuek ere leku nabarmena izango dute jaialdian. Hainbat liburu aurkeztuko dituzte Kutxa Kultur Plazan, Tobacco Days liburudendaren eskutik. Honako liburu hauen aurkezpenak egingo dituzte, Eduardo Guillot aurkezle dela: Eduardo Laporteren En presencia de Battiato, Carla Berrocalen Doña Concha eta Jorge Martiren La rosa y la espina eta Canción de Amor definitiva.
Gehituren eskaintza
Dock of the Bay jaialdiarekin berriz ere kolaboratuko du Gehitu elkarteak, Dabadaban egingo diren eta jaialdiaren Perfect Day sekzioaren barruan sartzen diren bi proiekziorekin. Maiatzaren 2an Claudia Priscilla eta Kiko Goifman zuzendarien Bixa Travesti dokumental brasildarra emango dute. Aldiz, maiatzaren 3an, Marie Losier zuzendariaren The Ballad of Genesis and Lady Jaye dokumentala proiektatuko dute.
Hiru irratsaio eta podcast bat
Irratiak ere bere lekua izango du jaialdian. Hiru irratsaio eskainiko dituzte zuzenean, eta podcast bat. Deustu Irratiak Dock of the Bay jaialdiari buruzko saio berezia eskainiko du maiatzaren 5ean. Hurrengo egunean, maiatzaren 6an, El disco de tu vida irratsaioaren txanda izango da, Asier Leozek eta Juan Luis Etxeberriak gidatuta. Tulsa musikaria elkarrizketatuko dute. Azkenik, maiatzaren 7an zuzenean emango dute Docs&Talks programa, Ines Calero eta Laura Garciarekin. Carántula podcastak ere Dock of the Bayri buruzko saio berezia eskainiko du, Jabier Rodriguezek, Fran Fracak eta Iñigo Basurkok zuzenduta.