Polloeko hilerriak musulmanen hilobientzako gune bat izango du
Hemendik aurrera, musulmanek Polloeko hilerrian lurperatu ahal izango dituzte zendutako pertsonen gorputzak. Miguel Angel Diez Hiri Mantentze saileko zinegotziaren arabera, “musulmanen beharrei erantzun ahal izateko, 400 metro karratuko eremu bat gorde dute Polloen. Bertan, antzinako hobi komunak daude, erabiltzen ez direnak”.
70 hilobi egingo dituzte orotara, eta haietako bakoitzean lau pertsona hilobiratzeko lekua egongo da. Guztira, 280 pertsona musulman hilobiratzeko espazioa eraikiko dute.
Donostiako Udalaren ekimen hau ez da bakarra Gipuzkoan. Duela hilabete batzuetatik lurraldeko beste hainbat udalerrirekin batera ari dira lanean bertako hilerrietan musulmanek ere beraien tokia izan dezaten. Halaber, udalak jakinarazi du ez dela aurreikusten hileta-erritu islamiarrentzako esparrurik, eta ezta aparteko gasturik ere udalarentzat.