Abegi Etxean alkohola kontsumitu ahal izango da, kasu batzuetan
Donostiako Udalak Abegi Etxearen Araudi Proiektua onartu du. Indarrean dagoena 2004koa da, eta, beraz, araudi berri bat onartzeko premia zegoen. Batez ere, indarrean dagoen sektoreko araudira egokitzeko. Aldaketa horietako batek alkohol kontsumoari eragingo dio. Aurrerantzean, alkohola kontsumitu ahal izango da udal egoitzan, baina kasu jakinetan.
Eneko Goia alkateak azaldu du salbuespena: “Abegi Etxean alkoholarekin arazoa duten asko ibiltzen dira, dependentzia larriak dituzte, eta horiek kudeatzea oso zaila da. Abstinentziarekin arazoa areagotzen da. Hobe da pertsona batzuei kontsumoa baimentzea, eta hori da araudian aldatu dena”.
Bestalde, harrera zerbitzua berrituko dute, eta bat beharrean bi izango dira emango dituzten zerbitzuak: gaueko harrera eta eguneko arreta. Era berean, araudiak familientzako harrera zerbitzua ere arautzen du. Zerbitzu hori, prestazioen eta zerbitzuen zorroan berariaz jasota ez badago ere, udalak ematen du, gure testuinguruan sortu den gizarte errealitateari erantzuteko, hau da, adingabeak dituzten eta etxerik gabe dauden familien presentziari erantzuteko.
Arau berria ere bazterketa egoeran dauden pertsonekiko esku hartze sozialaren paradigma berrietara egokitzen da. Alde batetik, neurri handi batean jadanik aplikatzen ziren gai batzuk erantsi zaizkio araudiari, eta, horrenbestez, estaldura juridikoa eman zaie, segurtasun juridikoaren eskakizunetara egokituta (adibidez, egoera jakin batzuetan alkohola kontsumitzeko baimenari dagokionez, adingabeak sartzea pertsona heldu arduradun batekin badaude, edo egoera jakin batzuetan etxeko animaliak izatea). Beste alde batetik, aldatu eta garatu egin da zehapen araubidea, erabiltzaileen benetako egoerara eta haiek gizarteratzeko helburura egokitzeko.