Mikel Laboa, Korrikak omendutako lehenengo donostiarra
Azken Korrikan, 2019koan, donostiar bat omendu zuten: Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi. Ordea, ba al dakizue nor izan zen Korrikak omendutako lehenengo donostiarra? Mikel Laboa musikaria izan zen (Parte Zaharra, 1934–Aiete, 2008), 9. Korrikan, 1995ean. Laboaren urtea izan zen hura, berak idatzitako mezua zeraman lekukoa eraman baitzuen azken metroetan, eta Laboak berak irakurri zuen amaierako ekitaldian.
Donibane Garazin hasi zen 9. Korrika, martxoaren 17an, eta Gasteizen amaitu zen, martxoaren 26an. Jalgi hadi euskaraz izan zen leloa, eta 2.150 kilometro eginda iritsi zen helmugara. Kepa Junkerak eta Edorta Jimenezek egin zuten urte hartako abestia. Bestalde, Laboa omentzeaz gain, musikari donostiarrari buruzko liburu bat argitaratu zuen Korrikak.