Altzan prest daude Korrikarako
Lau egun gelditzen dira 22. Korrika Donostiara heltzeko, baina Altzan prest daude dagoeneko, auzoa apaindu baitute. Aurtengo Korrikako leloa Hitzekin da, herritarrak hitzetatik ekintzetara pasatzera animatu nahi baitituzte, euskara erabiltzeko konpromisoa hartuz. Hain zuzen ere, Altzan argi daukate, eta auzoko Korrika Batzordearen ekimenez, leloa, lekukoa eta 22. Korrikaren ibilbidea dituen horma-irudia egin dute Harri-Berri eskolako horman. Hainbat egunez aritu dira horma-irudia egiten, eta, hemendik aurrera, urte osoan zehar presente izango dute auzoan Korrika, baita bere leloa ere.