Erreskateen ordenantza aldatuko du udalak, arduragabekeriaz jokatzen dutenek ordain ditzaten
Kontxa hondartza. (Argazkia: Nerea Lizarralde) Hilaren 1eko goizaldean bi pertsona erreskatatu zituzten Kontxako hondartzan. Bi gizon gazte uretara sartu ziren bainatzeko asmoarekin, eta itsasotik atera ezinda geratu ziren. Udaltzaingoa, Ertzaintza, Donostiako Suhiltzaileak eta Gurutze Gorria mobilizatu zituzten bi pertsona horiei laguntzeko. Erreskateak 6.000 euro inguruko kostua izan zuen, eta horrek eztabaida piztu du. Izan ere, udala erreskateen ordenantzaren aldaketa tramitatzen ari da. Aldaketa esanguratsuenetakoa da aurrerantzean arduragabekeriaz jokatzen dutenek ordaintzea erreskateak.
“Prozesu luzea eta neketsua izaten ari da, baina aurrera eramango dugu. Erreskate jakin batzuk herritarrek ez ordaintzea da asmoa, arduragabeek baizik”, azaldu du Eneko Goia alkateak. Kontxako azken erreskateak behar hori agerian utzi duela aitortu du. Erreskateen ordenantzak hiri osorako balio du, itsasorako eta mendirako.


