Maiatzaren 12ra arte aurkeztu daitezke Altzako XII. Bertsopaper Lehiaketako lanak
Bizarrain euskara elkarteak antolatuta, abian da Altzako XII. Bertsopaper Lehiaketa. 18 urtetik gorako pertsonei zuzenduta dago eta maiatzaren 12ra arte aurkeztu ahal izango dituzte proposamenak bizarrain@altza.net helbide elektronikora goitizen batekin bidalita.
Bertsoak gai eta doinu librean jarriko dira, eta bertso sorta bakoitzak gutxienez hiru eta gehienez zortzi bertso izan behar ditu. Lanek originalak, euskaraz egindakoak eta aurrez argitaratu gabeak izan behar dute, eta ezinbestekoa izango da bertso-sortaren doinuaren izena argi adieraztea.
Epaia maiatzaren 22an emango da ezagutzera eta sari banaketa Altzako XXII. Bertso Aroko ekainak 5eko bertso saioan egingo da. Lehiaketako irabazleak 200 euro eta Altzako baserrietako produktuez osatutako otarra jasoko du. Horrez gain, Altzako onenarentzat Antton Mendizabalek egindako Lau Haizetara oroigarria eta Altzako baserrietako produktuez osaturiko otarra jasoko du.