Aurreikusitakoa baino beranduago zabalduko dute Astiñeneko zubi berria
Uztaileko lehen hamabostaldirako erabilgarri egotea aurreikusten du orain Donostiako Udalak. Ekainerako prest egongo zela iragarri zuten, baina sorturiko hainbat oztoporengatik aurreikuspena ez da beteko.
Astiñeneko zubi berriaren erdiko zatia jarri zuten asteartean. (Argazkia: Beñat Parra) Egia eta Loiola lotuko dituen Astiñeneko zubi berriaren lanak azken txanpan sartu dira. Hainbat astetako atzerapenaren ondoren, zubiaren erdiko piezaren lehen zatia jarri zuten asteartean. Bi beso ditu erdiko pieza horrek, eta horietako bat da garabi handi baten laguntzaz txertatu dutena. Zailtasun ugari izan zituzten besoa bi muturretara lotzeko. Piezak 40 metroko luzera du, eta 43 tonako pisua. Udalak adierazi duenez, txertaturiko pieza soldatzeko egunak beharko dituzte.
Urumea ibaiaren bi alboetako zatiak denbora daramate jarrita, eta horiek egonkortzeko hainbat lan egin dituzte. Lehen zatia iazko abenduaren 1ean kokatu zuten, Egia kalearen aldeko egituran. Bigarren zatia, berriz, otsailaren 17an, Loiolako Erriberako pasealekuaren aldean. Garabi handi zein txiki bana erabili zituzten lan horietarako.
Hiru urte luze
Astiñeneko zubi berriaren lanak 2019. urtearen hasieran hasi zituzten, eta iazko udarako bukatuta egotea aurreikusi zuen udalak. Hamabost hilabeteko epea zehaztu zuen kontratuak, eta 3 milioi euroko aurrekontua. Ordea, 2020ko martxoan atzerapen bat onartu zuen udalak, eta 2021eko otsailean ezarri zuen lanen bukaera epea. Urumea ibaian kokatzeko zutabeek eragin zuten atzerapen hori. Izan ere, azkenik 1,5 metroko diametroa izango dute, eta ez 2 metrokoa.
Tamainaren aldaketak proiektua atzeratu zuen. 2021eko irailean, berriz, proiektuaren beste aldaketa bat onartu zuen udalak, eta irailaren 14ra bitarte luzatu zuten lanak bukatzeko epea. Gainera, 300.000 euroko garestitzea ere onartu zuten. Azkenik, azaroan beste atzerapen bat onartu zuen udalak, eta ordurako %10eko gainkostua pilatu zuen proiektuak. Horrekin batera, 2022ko apirilean zubia erabilgarri egongo zela esan zuen udalak, zubiaren fabrikazioan egondako atzerapenarengatik, baina gero aurreikuspena ekainera atzeratu zuten bestelako arazoak sortu zirelako.
Azken aurreikuspenaren arabera, uztaileko lehen hamabostaldirako prest egongo da zubi berria, eta orduan eraitsiko dute oraindik zutik dirauen zubi zaharra.


