Hiri antolamendurako tresna berritzen hasi dira
Donostiako Udalak Hiri Antolamenduko Plan Orokorra berritzeko prozesua abiatu du. Martxoaren 28an egin zuten lehen saio publikoa, udaletxeko osoko bilkuren aretoan.
Indarrean dagoen Hiri Antolamenduko Plan Orokorra (HAPO) 2010. urtean onartu zen. Hamabi urtez garatu ondoren, abiapuntuko kasuak nabarmen aldatu dira, horietan oinarrituta aurreikusi baitziren planeamenduko aurreikuspen eta irtenbide orokorrak, hiria 2010-2020 aldirako eraldatzeko. Hori dela eta, HAPOa berrikustea beharrezkoa zela erabaki zuen udalak.
Berrikuspenaren lehen saio publikoa martxoaren 28an egin zuten Donostiako Udaletxean, eta herritar askok parte hartu zuten. Hirigileek, arkitektoek eta auzo elkarteetako ordezkariek, besteak beste. Udaleko iturrien arabera, planaren berrikuspenak «hiritarrengan interesa» sortzen du. Hori dela eta, partaidetza prozesu bat abiatu dute, herritarrek euren ekarpenak egin ahal izateko. Udalaren webguneko Herritarren Partaidetzarako Atalaren bidez egin behar dira, eta hilaren 18an bukatuko da ekarpenak egiteko epea.
Aurretiazko kontsulta publikoaren parte da partaidetza prozesua. Helburua da, lehenik eta behin, azaltzea zer arazo konpondu nahi diren egitasmo horrekin, zer behar eta aukera dagoen plana onartzeko, zer helburu dituen, eta zer irtenbide alternatibo dauden arautzeko eta ez arautzeko. Bigarrenik, herritarren ekarpenak jasotzea. Herritarrekin hainbat jarduera aurrez aurre eta digitalki egingo dituzte, eta horien berri emango dute. «Kontsulta aktibo honetan aztertuko da Plan Orokorraren berrikuspena zertarako den eta zergatik ematen den», azaldu du udalak.
Helburuak eta proiektuak
HAPO berriaren helburu nagusia Donostiako lurzorua eta eraikinak arautzea eta antolatzea da, publikoak zein pribatuak. «Laburbilduz, Plan Orokor berriak zer, non eta zenbat egin ahal izango den arautuko du, Donostiako eremu fisikoan, bai lurzoru publikoan bai pribatuan».
Hirigintza proiektu esanguratsu batzuk txertatuko dituzte HAPO berrian. Udal gobernuak hiru nabarmendu dizkio hedabide honi: «Auditz Akular eremuan zer egin zehaztu behar da, Antondegin aurreikusitako etxebizitzak desklasifikatuko dira eta han zer egin erabaki, eta Easoko trenbidea estali eta bertan garatuko den hirigintza plana ere txertatuko da». Etxebizitza garapenei dagokienez, Ibaetako Infernua eremuko, Loiolako Lorategi hiriko eta Egiako Aldakoneako hirigintza proiektuak jasoko dituzte Plan Orokor berrituan.