Sarriegiren monumentua plazaren erdira mugituko dute San Juan kalerako sarbidea errazteko
Donostiako Udalak bihar onartuko du Sarriegi plaza zolatzeko proiektua. Hain zuzen ere, Sarriegiren monumentu multzoa egun dagoen lekutik kendu eta metro batzuk atzerago jarriko dute. Helburua da plazaren eta San Juan kalearen zein Bretxako inguruaren arteko lotura libre uztea. Proiektuaren aurrekontua 339.241 eurokoa da, eta plazako azpiegiturak berritzea eta zoladura berria jartzea ahalbidetuko du.
Plazak duen monumentu multzoak 30 metro inguruko luzera eta 13 metroko zabalera du. Era berean, banku bat eta landareak ditu. Udalaren iritziz hori “oztopo bisual” bat da, eta “eragotzi egiten du bai San Juan kalearekin eta bai Bretxako eremuarekin lotura zabalagoa izatea”. Proiektuaren bidez, plazan “sartuko” da danbor jotzailearen monumentua, eta, hala, libreago geratuko da Sarriegi plazaren eta San Juan kalearen arteko lotura.