14 urteren ostean agur esan du Skakeitanek
Agur bira bat egingo dutela iragarri dute eta euren azken kantaren bideoklipa kaleratu dute.
14 urteren ostean agur esan du Skakeitan talde donostiarrak, sare sozialetan argitaratutako agiri batean. 112 kanta eta bideoklipa kaleratu dute gaur, azken kanta dela iragarriz. Oraindik itxita ez dagoen arren, bira bat iragarri dute, eta zaleei eskakizuna: “Emaiguzue dena”.
Argitaratu duten oharrean, proiektuaren ardatz nagusia “ilusioa eta laguntasuna” izan direla aitortu dute, nerabeak zirela sortu baitzuten taldea, eta aldaketak izan dituen arren, asko direlako hasieratik taldearen parte izan direnak: “Bai, agur esatera gatoz. Eh, baina baikor eta irribarretsu, jada adostu baikenuen zer idatzi gure epilogoan, oraindik erraietatik ateratzen zaiguna eta bide honi amaiera emateko era onena: Asko maite gera”.
Bost lan kaleratu dituzte eta bi bilduma, ska eta rock doinuetatik, pop eta elektronikara ibilbidea eginez: Skakeitan (2010), Ahots gabekoen ahotsa (2012, Mauka), Orekariak (2014, Mauka), Galera (2016, Mauka), Galera Beats (2017, Mauka) – Remixak, Nola galdu denbora (2019, Mauka) eta zuzeneko batean grabatutako Eman ez genuen kontzertua (2021, Mauka).
112 kanta grabatu dute eta Badator estudiok egindako bideokliparekin aurkeztu dute.