Donostiak 187.850 biztanle ditu
Donostiako Udalak hiriko demografia datuak eman ditu. 2021eko abenduaren 31n 187.850 biztanle zituen Donostiak. Hau da, 2020an baino %0,13 gutxiago (188.087), eta beraz, 188.000tik behera egin du 2019an lehen aldiz kopuru hori gainditu eta gero. Eneko Goia alkateak nabarmendu du biztanle kopurua bere horretan mantendu dela, “nahiz eta pixka bat gutxitu den”. Baita batez besteko adina ere; 46 urte –48 emakumezkoen kasuan eta 44 gizonezkoen kasuan–.
Erdialdea eta Gros auzoak dira batez besteko adin altuena duten auzoak (49 urte), eta aldiz, Aiete (43 urte), Miramon-Zorroaga (43 urte) eta Loiola (42 urte) dira batez besteko adin txikiena dutenak.
Era berean, biztanleen %52,73 emakumezkoa da, eta gehiago bizi dira. Eta zehatzago, 65 urtetik gorako biztanleei erreparatzen badiegu, %59,15 emakumeak dira. Eta 80 urtetik gorako biztanleen %67 emakumeak dira.
Auzoak
Amara Berri da biztanle gehien izaten jarraitzen duen auzoa, 30.377 biztanlerekin (biztanleen %16,2). Jarraian Erdialdea (22.051) eta Altza (20.143) daude. Bestalde, Zubieta da biztanle gutxien dituen auzoa, 290 (%0,2). Gainera, Loiola da 2021ean gehien hazi den auzoa 256 biztanle gehiagorekin, Txominen garapenari esker. Aldiz, Egia da biztanle gehien galdu dituen auzoa 2021ean, 145 biztanle galduta.
Atzerritarrak
Atzerritar kopurua %1,7 hazi da Donostian 2021ean. Guztira, 140 herrialdetatik etorritako 16.277 biztanle daude, hau da, iaz baino 270 gehiago. Hortaz, atzerritarrak hiriko biztanleen %8,7 dira (2020an %8,5 ziren).
Hondurasek jarraitzen du atzerritar kopuru handiena izaten (2.208 biztanle). Jarraian Nikaragua (1.882) eta Maroko (1.178) daude. Hiru herrialde horietako biztanleak dira hiriari atzerritar gehien ematen dizkiotenak. Eta Kolonbiatik, Italiatik, Marokotik eta Venezuelatik etorritakoak dira gehien hazi direnak.
Heriotzak eta jaiotzak
2021an 1.984 pertsona hil ziren Donostian, hau da, 2020an baino 198 gutxiago. Aldiz, 1.116 pertsona jaio ziren, hau da, 89 gutxiago. Jaiotze-tasak behera jarraitzen du, eta 6,14koa da (2020an 6,42koa izan zen). Beraz, datuak erregistratu egiten direnetik izandako tasarik baxuena da. Loiolak izan zuen tasarik altuena (10,36), eta aldiz Zubietak izan zuen baxuena (0).
Zahartze-indizeari dagokionez, gora jarraitzen du eta 198,5koa da, hau da, iaz baino 6,7 puntu gehiago. Ondorioz, hirian 65 urtetik gorako 1,98 pertsona daude 15 urteko pertsona bakoitzeko. Erdialdea eta Gros dira zahartze-indize handiena dutenak, 65 urtetik gorako 3,00 eta 2,95 pertsona daude 15 urteko pertsona bakoitzeko; eta Loiola eta Aiete dira auzo gazteenak, 65 urtetik gorako 1,2 eta 1,25 pertsonekin 15 urteko pertsona bakoitzeko.
Ehunekoei erreparatuta, donostiarren %25ek 65 urte baino gehiago dute, %7,77k 80 urte baino gehiago, eta 125 pertsonek 100 urte baino gehiago dituzte. 2021eko abenduaren 31n hiriko pertsona helduena 110 urteko emakume bat zen.
Familia motak
Donostian 79.254 familia bizi dira. Batez beste, etxebizitza bakoitzean 2,37 pertsona bizi dira, eta pertsona bakarrez osatutako familien kopuruak gora jarraitzen du, eta 2020an 24.890 izatetik 2021ean 25.480 izatera pasa da, eta familia guztien %32,1 dira. Pertsona bakarreko familien %47,9k 65 urte baino gehiago dute (12.208), eta horietatik %75,7 emakumeak dira.
Era berean, hirian bi pertsonez osatutako familien kopuruak igoera moderatuagoa izan du eta 2020an 23.979 izatetik, 2021ean 24.114 izatera pasa dira, eta familia guztien %30,4 dira.