Emakumezkoen Itzulia Donostian bukatuko da maiatzaren 15ean
Maiatzaren 13tik 15era egingo dute estreinakoz Emakumezkoen Itzulia. Hiru etapa izango ditu, eta Gasteizen abiatu eta Donostian bukatuko da. Guztira 363,60 kilometroko ibilbideari aurre egin beharko diete parte hartzaileek.
Lehen etapa Gasteiz eta Bastida artekoa izango da (105,90 kilometro), bigarrena Mallabian hasi eta bukatuko da (117,90 kilometro) eta hirugarrena Donostian hasi eta bukatuko da (139 kilometro). Antolatzaileek aurreratu bezala, aurten ez da Emakumezkoen Klasikoa egingo, eta haren ordezkoa da Itzuliaren hirugarren etapa. Are gehiago, ibilbide bera izango du. Murgil Bidea erabakigarria izango da sailkapen nagusiari begira.
Lasterketak hamahiru mendate puntuagarri izango ditu; hirugarren mailako bederatzi, bigarren mailako hiru eta lehen mailako bat. Bitarteko esprintei dagokienez, guztira sei izango dira, bi etapa bakoitzean.
UCI World Tour mailako hamabi taldek parte hartuko dute Itzulian: Movistar, Trek-Segafredo, Team BikeExchange-Jayco, Liv Racing, SD Work, UAE, DSM, Roland Cogeas, Canyon/Sram, FDJ, EF Education eta Human Powered Heath. Era berean, UCI Kontinental mailako hamar talde ere izango dira irteeran: Valcar, Massi, Eneicat, Bizkaia-Durango, Bepink, Top Girls Fassa Bortolo, Arkea, Le Col Wahoo, Laboral Kutxa eta Sopela.