Eñaut Alvarez donostiarra eta beste 21 pertsona auzipetu dituzte Bartzelonako etxegabetze batengatik
Iazko maiatzean Bartzelonako Bloc Llavorsen etxegabetzearen kontra egindako protesten harira, 22 pertsona auzipetu dituzte, tartean Eñaut Alvarez donostiarra. Etxegabetzean poliziaz gain, Desokupa “matoien enpresaren laguntza” izan zutela salatu dute.
Esquadra Mossoek desordena publikoak, kalteak, agintearen aurkako erresistentzia, agintearen aurkako atentatua eta lesioak eragitea egotzi diete. Otsailean lau pertsona atxilotu zituzten, eta orain hemezortzi akusazio berri egin dituzte.
Kataluniako Etxebizitzaren Aldeko Mugimenduko kideek jakitera eman dutenez, ikertutako 18 pertsona berriak ez dira deklaratzera bertaratuko Kataluniako Generalitateko Gobernua, Esquadra Mossoen bidez, “etxebizitzaren aldeko mugimenduaren aurka egiten ari den kriminalizazioa eta jazarpena agerian uzteko”.
2018ko irailetik gaur arte, 59 gertaera errepresibo erregistratu direla salatu dute, eta horiek 48 prozesu judizial eragin dituztela Herrialde Katalanetan. Guztiak etxebizitzaren aldeko mugimenduarekin lotuta daude, eta 250 pertsona baino gehiago daude prozedura horietan inplikatuta. Etxebizitzaren aldeko Mugimenduko 500 pertsona baino gehiago ere zigortu dituzte mozal legearen ondorioz, eta ia 300.000 euro ordaintzera iritsi dira isunetan. Kausa hau eta gainontzeko guztiak bertan behera uzteko eskatu dute.

