Urketaria Sarriegi plazan jarriko dute berrantolaketa proiektuaren bidez
Union Artesana elkarteak 2019ko abenduan iragarri zuen urketari baten eskultura jarriko zutela Sarriegi plazan. Pandemiak, ordea, asmo hori atzeratu zuen. Eneko Goia alkateak gaur adierazi duenez, Sarriegi plazaren berrantolaketa lanekin batera jarriko dute urketaria danbor jolearen eta Raimundo Sarriegiren eskulturen ondoan.
Donostiako Udalak gaur onartu du Sarriegi plaza zolatzeko proiektua 339.241 euroko aurrekontuarekin. Bi jardueratan banatuta dago. Batetik, plaza berrantolatuko dute –131.609 euro bideratuko dituzte horretarako, eta, bestetik, plazako azpiegiturak berrituko dituzte –207.632 euro beharko dituzte lan horietarako–.
Bretxa ingurua berritzeko asmoarekin bat egiten duen obra dela esan du Goiak. Horrela, plazan dagoen erdiko parterrea kenduko dute beste espazio batera eramateko. Plazaren erdiko farolaten azpiko idulkia ere mugituko dute, eremu osoa birzolatu behar delako.
Plazak duen monumentu multzoak 30 metro inguruko luzera eta 13 metroko zabalera du. Era berean, banku bat eta landareak ditu. Udalaren iritziz hori “oztopo bisual” bat da, eta “eragotzi egiten du bai San Juan kalearekin eta bai Bretxako eremuarekin lotura zabalagoa izatea”. Proiektuaren bidez, plazan “sartuko” da danbor jotzailearen monumentua, eta, hala, libreago geratuko da Sarriegi plazaren eta San Juan kalearen arteko lotura.