Mugikortasun agenteak radar mugikorra erabiltzera derrigortu ditu udalak
Donostiako Udaleko Langileen Batzordeak, mugikortasuneko agenteen kolektiboaren ordezkari gisa, salatu egin du radar mugikorraren zerbitzua emateari uko egin zioten agenteei udalak ezarritako agindua.
Joan den urtetik ari dira protestak egiten mugikortasun agenteak, besteak beste, plantilla handitzeko eskatuz. Protesten artean, joan den azarotik, radar mugikorra erabiltzeari uko egin diote agenteek. Euren ustetan, “lotsagarria da txanda bakoitzeko bi agente dirua biltzeko asmoa duen sistema batera bideratzea, beharrezkoagoak diren beste zerbitzu batzuen kaltetan”. Bost agenteko hiru taldek erabiltzen dute radar mugikorra, eta denek egin diote uko, bik izan ezik.
Orain, udalak derrigortu egingo ditu agenteak radarra erabiltzera. Langile Batzordeak Pilar Aranari mugikortasun zinegotziari eskatu dio “bertan behera utz dezala inposaketa hori, eta bere indarrak mugikortasun- agenteen plantilla handitzera bideratu ditzala, herritarrek merezi duten zerbitzua izan dezaten”.
Protestekin jarraitzeko asmoa dutela adierazi du langile batzordeak. Egindako protesten artean, besteak beste, joan den otsailean egindako greba eguna azpimarratu daiteke.