Kutxabankek Intxaurrondon itxitako bulegoaren afera osoko bilkurara eramango du EH Bilduk
Hilaren 13an itxi zuen Kutxabankek Intxaurrondoko Zubiaurre pasealekuan zuen bezeroen arretarako egoitza. EH Bilduk premiazko interpelazio bat erregistratu du gaur, biharko osoko bilkuran “udal gobernuak herritarrei azalpenak emateko”. Udal taldeak jakin nahi duena da ea udal gobernuak bitartekaritza lanik egin duen Intxaurrondoko bulegoaren itxiera saihesteko. Era berean, aurrerantzean auzoetako sukurtsalak irekita mantentzeko udal gobernuak zer egingo duten galdegingo dute, “Kutxabankek bulego gehiago itxi ez ditzan”.
IZBE auzo elkarteak egoitza itxi bezperan, hilaren 12an, salatu zuen Intxaurrondo Zaharra izango zela hirian banketxerik gabe geratuko zen hurrengo auzoa. Elkarteak bizilagunentzat erabaki horrek duen eragina deitoratu zuen, helduentzat bereziki; izan ere, autobusa hartu beharko dute hemendik aurrera beste auzo batean arreta hori jaso ahal izateko. “Bulegoan jarritako ohar informatiboak erakundeko bezeroak Gros auzoko Kale Nagusiko bulegora bideratu ditu”, nabarmendu du EH Bilduk.