Clara Campoamorri omenaldia egingo diote larunbatean, Kontxako pasealekuan
Clara Campoamor zenaren omenezko eskultura Vinuesa plazan dago, Erdialdean. Emakumeen Mugimendu Demokratikoa (EMD) elkarteak Clara Campoamor oroitzeko ekitaldi bat egingo du, haren heriotzaren 50. urteurrenean. Ekitaldia larunbatean izango da, 10:45ean, Kontxako pasealekuko Clara Campoamor eskulturan.
EMDk ohar baten bidez gogorarazi duenez, Clara Campoamorrek emakumeen boto-eskubidea lortzeaz gain, 1931ko Errepublika-Konstituzioaren lanketan hartu zuen parte, beste 21 diputaturekin batera. Bere lanari esker, Konstituzioan honako kontu hauek sartu ziren: sexu-arrazoiengatiko diskriminaziorik eza, ezkontzaren baitan eta kanpoan edukitako seme-alabentzako berdintasun juridikoa eta dibortzioa.
Era berean, prostituzioaren kontra borrokatu zen Clara Campoamor. Horrela, 1932an Kongresuan defendatu zuen prostituzioa “lotsabide handia” zela Estatuarentzat, “Estatuaren etikaren eta legearen galera bat” zela. Gainera, esan zuen Estatuak araututako eta baimendutako prostituzio-etxeak (Estatuari zuzenean edo zeharka tributuak ordaintzen dizkiotenak) emakumezkoen salerosketarako guneak direla, “non gaizkile ogibidea duen gizon bizizale batek emakumeak ostatatu eta hiriz hiri nahiz merkatuz merkatu eraman ditzakeen”.
Elkarte feministak herritar guztiak gonbidatzen ditu Clara Campoamor omentzeko eta errekonozitzeko ekitaldira.

