Hasi da parke tematikoaren sasoia
(Argazkia: Joseba Parron San Sebastian) Hor daude, ikusi dituzu, senti ditzakezu. Zure albotik pasa dira, taldean, bakarka, noraezean. Gurpildun maleten traka-traka, argazkien klik eta klakak, where is-ak, où est-ak, dónde es-ak eta wonderful-ak, très belle-ak eta qué bonito-ak.
Hasi da Parte Zaharra parke tematikoa-ren sasoia, famous pincho donostiarra eta gida turistikoen gezur erdiz osatutako megafoniak, artalde galduen aurrean. Ez da bakerik izango hemendik eta urrira bitarte erdiguneko auzo, kale eta tabernetan.Tourist go home pintadak ere hasiko dira ugaritzen, inpotentziaren aurrean.
Ez dezagun ahaztu, ordea, turistak gonbidatuak izan direlako datozela Donostiara. Donostiarrontzat ziren etxebizitzak beraiei eskaini dizkietelako, Airbnb-ren erregulazio eta hotel lizentzia indiskriminatuekin batera. Aprobetxategien diru erraz eta merkeak gure hiriaren wonderfultasuna saldu du, eta kanpora, kanporago, joan behar dugun herritarrok itsasoaren ederra ikusteko baimena eskatu beharko dugu laster.

