Donosti Berri elkarteak bere mendeurrena ospatu du
Marcelino Celigueta Donosti Berriko presidente izandako eta 36ko gerran fusilatutako Amarako herritarra omendu dute, baita frankismoak eraildako Amarako herritar guztiak ere.
Amarako Donosti Berri elkarteak 100 urte bete ditu gaur, hilaren 1ean, eta larunbatean ospatu zuten mendeurrena, egun osoko egitarau zabalarekin: diana, omenaldia, kalejira, herri bazkaria, txalaparta emanaldia eta kontzertua izan zituzten. Hedabide honek elkartearen historiaren inguruko erreportaje zabala ondu du, eta hemen irakur dezakezue.
Udaleko txistularien dianarekin abiatu zuten eguna, eta, euren erritmora, Iñaki Goñi Nerbios-ek aurreskua dantzatu zuen elkartearen atearen aurrean. Ondoren, Marcelino Celiguetaren omenaldia iritsi zen. Amarako txurro saltzaile ezaguna zen Celigueta XX. mendearen hasieran, eta elkarteko presidentea izan zen 1930eko hamarkadan. 36ko gerran, frankistek fusilatu egin zuten, eta, horregatik, haren omenezko plaka jarri zuen atzo Donosti Berrik Osasun Iturria kalean, elkartearen parean. Gainera, frankismoak eraildako Amarako herritar guztiak omentzeko aprobetxatu zuten ekitaldia, eta han izan ziren biktimen senideak. Lore eskaintza egin zuten, eta Goñik berak Celiguetaren eta biktima guztien omenezko bertsoa kantatu zuen, ekitaldi hunkigarri batean. Amaieran, bi dantzarik aurreskua eskaini zieten errepresaliatuei eta haien senideei.
Ondoren, kalejirak girotu zuen herri bazkariaren hasiera, eta hamarnaka lagun bildu ziren Arroka plazan, giro ederrean. Bazkalostean, txalaparta emanaldia izan zuten, eta, hor ere, elkarteko presidentea animatu zen txalaparta jotzera. Festa arratsaldean luzatu zen, Anonimos taldearekin.
Hala ere, mendeurrena ospatzen jarraituko dute Donosti Berrikoek, besteak beste, Donostiako Bertsolari Eguna egingo baitute hilaren 21ean. Horrez gain, urtean zehar beste hainbat jarduera antolatzeko asmoa dute.
Jarraian, Celiguetaren eta frankismoaren errepresaliatu guztien omenaldian Joseba Parron San Sebastian argazkilariak egindako irudien bilduma: