Axular Lizeoa Europako sari bat irabazteko hautagaia da, bere espaloi jasangarriarengatik
Aieteko Axular Lizeoak birziklaturiko 50.000 plastikozko botilekin espaloi iraunkor eta jasangarria eraiki zuen iazko irailean, eta Europako Hondakinen Prebentziorako Astearen XIII. sariketako finalean sartu da proiektu horrengatik, hezkuntza zentroen kategorian. Sariak ekainaren 9an banatuko dituzte, Bruselan (Belgika).
Zoru birziklatuaren lanak uztaila eta abuztua bitartean egin zituzten, Eko-REC eta Ekomodoren laguntzarekin. Horrela, ikastetxean zoru birziklatuko sarbide berria egin dute, eta bide publikoarekin lotu. Orain arte, Axular Lizeoak sarbide bakarra zuen, bai ibilgailuentzat eta bai oinezkoentzat. Egitasmo honi esker, irisgarritasunerako oztopoak, errepidearen erabilera desegokia eta segurtasun arazoak saihesten dira.
Birziklatutako 50.000 plastikozko botila erabili dituzte asfaltoa egiteko. Ondoren, botila horien tapoiak erabiliko dira oinezkoentzako sarbidean jarriko diren eserlekuak eta paperontziak eraikitzeko. Birziklatutako paperontzi horiek hondakin gehiago bildu eta birziklatzeko balioko dute.