"Ez dira katolikoak: eskuin muturra dago protesten atzean"
Bihar, larunbata, abortuaren kontrako «prozesioa» antolatu dute Askabideren klinikara, bigarrena hilabetean. Askabideren aurrean protestek eta mehatxuek urteak daramatzaten arren, azken mobilizazioan aldaketa bat izan dela nabaritu dute Amarako bizilagunek. 'Rezar no es delito' delako elkartea da antolatzailea, baina honen atzean eskuin muturraren eskua ikus daiteke: Enraizados, Hazte Oir, Vox eta eskuin muturreko bestelako elkarteen babesarekin. Abortua aitzakia gisa erabiltzen ari dira Donostian, zarata egin eta euren gorroto mezuak zabaltzeko.
Askabide klinika da Gipuzkoan abortatzeko dagoen klinika bakarra. Amarako Easo kalean, ehunka izan dira euren gorputzaren gainean erabakia hartu, eta nahi ez zuten haur bat ez izateko eskubidea praktikatu duten emakumeak. Hiriak erabat normalizatuta duen errealitatean, badira atzera egin eta eskubide hau oztopatu nahi duten taldeak.
Naroa Iturri Askabideko zuzendariak adierazi duenez urte asko dira jazarpena egiten ari direla: “Lehen, bortitzagoa zen: atean itxoiten zuten, etortzen zen ororengana joaten ziren—etenaldia egitera zihoazenengana, zein zitologia bat egitera zihoazenengana—, mehatxu egitera eta molestatzera”. Duela sei urte inguru, auzitara jo zuten eta atean egotea debekatu eta pareko espaloira joatera behartu zieten.
Iturrik aitortu du egoera “oso desatsegina” dela: “Kafea hartzera atera eta gure aurrean jartzen ziren, belauniko, ‘hiltzaileak’, ‘hiltzen dutenak hilko dira’ eta gisako oihuekin. Noraino horiek ez dira mehatxuak?”.
Azken urteotan, gainera, mundu mailako egitasmo berri bat jarri dute abian: ‘40 días por la vida‘ delakoa. Irailean eta garizuman 40 egunez aritu dira errezatzen klinika parean hamabi orduz.
Orain, ordea, aldatu egin da ezenatokia, apirilean egokitu baitzuen Espainiako Gobernuak 10/1995eko azaroaren 23ko lege organikoa, eta, aurrerantzean, 4/2022ko apirilaren 12ko legearen bidez, debekatuta egongo da abortuak egiten dituzten zentroen aurrean emakumeen aurka egitea. Orain, eraso horiek hiru hilabete eta urtebete arteko kartzelarekin edo komunitaterako lanekin zigortuko dira.
Zehazki, arau berriak azaltzen du “ezinbestekoa” dela abortuak egiten dituzten osasun zentroen inguruan “segurtasun eremu bat” ziurtatzea, “emakumeen intimitatea, askatasuna eta segurtasun fisiko eta morala bermatuta gera daitezen, bai eta zirkulazio librerako eskubidea ere, eta, hartara, sexu eta ugalketa eskubideak bermatzeko”.
Lege berri honen testuingurua aprobetxatuz, bestelako jauzi bat eman dute abortuaren kontrako taldeek. Joan den apirilaren 2an “prozesio” bat antolatu zuen Rezar no es delito elkarte ultrakatolikoak, Artzain Onetik Askabideraino. Mugimendu feministak, kontra protestara deitu zuen, aurreikusi zitekeen tentsioarekin.
Viva Cristo Rey leloa duen gurutzeaz, eta feminismoaren kontrako kartelez gain, jarrera erasokorrarekin gerturatu zen ultrakatolikoen prozesioa. Auzotarrak “harrituta” geratu ziren euren jarrerarekin zein sinbologiarekin, ordura arteko profiletik aldentzen baitziren. Eta, galdera sortu zitzaien: nor dira, eta nondik datoz elkarte hauek? Eta zergatik dira horren erasokorrak?
Prozesioak Madrilen eta Donostian soilik
Prozesioaren antolatzaile nagusia Rezar no es delito deitzen den plataforma sortu berria da. Plataforma honen izena, hain zuzen, abortu kliniken aurrean intimidazioa debekatzen duen legeari aurre egiteko kanpainaren barruan kokatzen da.
Apirilaren 2an bi mobilizazio antolatu zituzten: Madrilgo Dator klinikaren aurrean eta Donostiako Askabideren aurrean. Bi leku hauetan soilik antolatzea arraroa dela uste dute Amarako bizilagunek. Iturrik adierazitakoaren arabera, gainera, “argi eta garbi” jende bera egon da bi mobilizazioetan: “Argazkietan ikusten da jende batek errepikatu egiten duela, eta gainera, erabilitako kartelak eta gurutzeak berberak direla”.
Nor dago Askabideren protesten atzean?
Nor zegoen, beraz, apirilaren 2an, Askabideren aurrean egindako manifestazioan? Argazkietan ikus daitekeen pertsonaia ezagunena Vox alderdiko Gipuzkoako zerrendaburua da: Juan de Dios Davila. Bera da Viva Cristo Rey lelodun gurutzea daramana, eta bertan izandako bizilagunen arabera, “oso jarrera probokatzailea” erakutsi zuen.
Abortuaren kontrako mobilizazio horretan, beste pertsonaia garrantzitsu bat egon zen, megafonoarekin oihuak botatzeaz arduratu zena. Gazte hori Jose Manuel Menendez Hernandez da, Voxeko gazteen lehendakari ohia, De Cañas Por España Voxeko egitasmoaren sortzailea, eta Madrilgo Vox Centroko bozeramailea.
Madrilen eta Donostian egin diren bi mobilizazioen antolatzaileetako bat da Menendez, bere Twitter kontuan ikus daitekeenez. Hazte Oir, Enraizados eta Derecho a vivir elkarteek bere txioak zabaltzen dituzte mobilizazioetara deitzeko.
Gipuzkoako Voxek mobilizazio hauekin duen harremanaren beste froga bat, aurtengo apirilaren 3an, @VOX_guipuzcoa Twitter kontuan zabaldu zuten txioa da. Bertan, Donostiako Voxen egoitzan egindako De Cañas por España egitasmoko argazkia zabaldu zuten, Donostiako manifestazioaren egunekoa. Argazki horretan, Menendezez eta Davilaz gain, VOXeko hamahiru kide agertzen dira Espainiako banderarekin. Hamahiru horiek protestako argazkietan ageri dira, eta horietako bat baino gehiago Rezar no es delito elkartearen kamisetarekin ageri dira argazkietan.
Voxeko kideen parte hartzea argia da Donostiako protestetan, baina zein harreman du Rezar no es delito elkartearekin? Sortu berria den plataforma honek, sare sozialetan ez du ia jarraitzailerik, ez eta aktibitaterik, eta bitxia da nola beste elkarte katoliko eta eskuindarrak arduratzen diren beren mezuak zabaltzeaz. Tartean, haur transexualen kontrako autobus transfoboarekin bira egin zuen Hazte Oir elkarte ultra ezagunak.
Hazte Oir-en lobby lana
Hazte Oir eskuin muturreko Espainiako elkarte bat da, “ultrakatolikoa eta ultrakontserbadorea”. Ignacio Arsuagak sortu zuen, 2001eko otsailean, eta, 2013tik, CitizenGo presio taldeko kidea da, Hazte Oir-ek berak sortutako antzeko ezaugarriak dituena.
Jose Luis Rodriguez Zapateroren gobernuan, 2004 eta 2011 artean, Hazte Oir gobernuaren politiken aurkako lobby gisa nabarmendu zen bereziki, sexu bereko pertsonen ezkontzari buruzko legea eta haurdunaldia borondatez eteteari buruzko legea, marketin biraleko teknikak erabiliz.
2010eko hamarkadaren amaieratik PPko buruzagi batzuekin eta haien politikekin kritikoa izan zen, eta Vox alderdi politikoari bultzada emateko zeregin erabakigarria izan zuen. 2013an sortu zenetik, Vox alderdiarekin batera aritu zen, eta ildo beretik jarraitzen du, azken asteetan hainbat kritika egin dizkieten arren.
Hazte Oir-ek harreman estua du Vox alderdiko hainbat agintarirekin: Rocio Monasteriorekin, Santiago Abascalekin eta Agustin Rosety Cozarrekin, besteak beste.
Lobbyen finantzaketa masiboa
Lobby lana egiten duten eskuin muturreko elkarte ultrakatoliko hauek, azpiegitura handiak dituzte. Sexu eta Ugaltze Eskubideen Europako Parlamentuaren Foroak iaz kaleratutako txosten baten arabera, 2009tik 2018ra, 707,2 milioi dolar banatu ziren eskubide sexual eta erreproduktiboen legeen “kontra” egiteko. La Marea-ko Dani Dominguez kazetariak dioenez, “ultrakontserbadoreen eta eskuin muturraren gorakadari” zifrak jartzeko balio du honek. Espainiako Estatukoez gain, Frantziako Estatuko, Italiako, Alemaniako, Poloniako eta Hungariako erakundeak izan dira masiboki finantzatuak. Azken bi herrialdeotan, adibidez, ezkontza homosexualak debekatu egin dira lobby hauen presioarengatik.
Hazte Oir/CitizenGO erakunde ultrakatolikoa da, hain zuzen, Europan diru gehien jaso duen seigarren erakundea: 2019tik 2018ra bitarte, 33 milioi dolar.
Bestalde, ikerketa ugarik frogatutzat eman dute Hazte Oir-ek eskuin muturreko El Yunque erakunde sekretuarekin duen harremana. Besteak beste, Ignacio Arsuaga Rato eta Luis Losada elkarteko bi sustatzaile nagusiak dira El Yunque taldeko kide gisa identifikatu dituztenak. El Pais egunkariaren Los secretos del Tea Party español izeneko erreportajean, erakunde horietako batzuen eta Espainiako neokontserbadorismo eta integrismo katolikoaren arteko harremana azaltzen da, besteak beste.
Baina zer da el Yunque, eta zergatik da horren garrantzitsua?
El Yunque elkarte sekretu eta ultra
El Yunque 1970eko hamarkadan Latinoamerikan sortutako eskuin muturreko elkarte sekretu bat da, mundu osora hedatzen aritu dena eta talde paramilitarrekin harremana duena.
Alvaro Delgado mexikar kazetariak ikerketa zabala egin zuen bere El Yunque: La ultraderecha en el poder (Plaza y Janes, 2003) liburuan. EiTB-k ere ¿Qué relación hay entre Vox, Hazte Oir y El Yunque? erreportajea egin zuen 360grados programan. Delgadoren arabera, Espainiako Estatua da Mexiko ondoren El Yunquek indar gehien duen herrialdea. 1980ko hamarkadan Espainian zabaldu zen, eta gutxika joan da hedatzen, bere kideak erakunde ezberdinetan “infiltratuz” azken urteetan, bereziki Hazte Oir-i esker eragin eremua handitu duelarik.
Hazte Oir-ek El Yunqueren metodologia bera jarraitzen duela dio Roman Cuesta kazetariak De los neocón a los neonazis. La derecha radical en el Estado español (Rosa Luxemburg Stiftung, 2021) liburuan. Plataforma, elkarte eta egitasmo irekiak sortzen dituzte, kanpainak zabaldu eta jende berria erakartzeko. Honela sortu dira Abortuaren Biktimen Elkartea, Tomas Moro zuzenbide elkartea, Etikaren Aldeko Profesionalen Elkartea, Bizitzaren aldeko medikuak, Familia Politikaren Institutua, Nascriturus, Muevete eta Enraizados, besteak beste. Hain zuzen, Enraizados elkarte ultrakatolikoa da Rezar no es delito egitasmoaren bultzatzaile nagusia. Besteak beste, bere web orrian eros daitezke egitasmoaren kamisetak.
Publikoki onartzen ez duten arren, Voxeko hainbat kide daude El Yunquen. Hala baieztatu zuen 2014an Madrilgo 45. Lehen Instantziako Auzitegiko Lopez Castrillo epaileak. El Yunque eta Hazte Oir erakundeetako kide batzuen arteko harremana egiaztatutzat jo zuen. Bestetik, Publico-k, Wikileaks bidez lortutako informazioaren arabera, Voxen finantziazio handienetako bat Hazte Oir eta bertako aberatsen eskutik etorri zen.
Eskuin muturra Donostian
IRUTXULOKO HITZA-k Amarako bizilagun Beñat Iturrizarekin hitz egin du [ez du benetako izena eman nahi izan]. Manifestazioan ikusitakoarekin oso kezkatuta geratu zen. Bere ustez “oso harroputzak” dira eta “probokatzera datoz”: “Egunean bertan hori ikusi zen: movida bila dabiltza. Eta behar dute, jendea lortzeko. Horrelako mobilizazioen ostean saltzen duten irudia da izugarrizko garaipena izan zela”. Adierazgarria da ere deialdian erabiltzen ari diren leloa: #NosVemosEnLasCarceles (Kartzeletan ikusiko dugu elkar).
Eskuin muturra “eroen pare tratatzen ditugu, baina oso ondo antolatuta daude”. Azaldu duenez, Abogados Cristianos elkartea ere tartean da: “Dirutza daukate hauek, eta urtean mila salaketatik gora jartzen dituzte. Guk ere ez dugu baztertzen auzoan gisako salaketak jartzen hastea”.
Iturrizaren ustez harritzekoa den beste gauza bat Menendezen papera da: “Zer egiten du Voxen figura hain inportante batek Donostian ekintzak antolatzen?”.
Erasoa ekintzaile feminista bati
Amaran kezka nabaria da, gatazka ugari izan dira eta. Joan den martxoan, urrunago joan gabe, Amarako Mari Paz Casanova ekintzaile feministari eraso egin zion abortuaren kontrako gizon batek.
Askabideren aurrean, kartelak jarri ostean izan zen erasoa. Casanova kartelei argazkia egiten ari zela, bere atzean zarata bat entzun zuen. Orduan ikusi zuen bere erasotzailea gerturatzen, garrasi bizian eta “ero moduan”: “Zer ari zarete”, “abortistak”, “denak hilko zaituztet” eta gisakoak oihukatuz, eta jarritako kartelak puskatuz. Casanova kartelak babesten saiatu zen, eta gizonak besoetatik gogor heldu eta aurpegian jo zuen. Besoan tendinitisa eragin zion, eta hainbat astez beso-euskarriarekin egon behar izan zen.
Erasoaren ondotik gizonak alde egin zuen, eta hainbat bizilagunen laguntzari esker, Antso Jakituna hiribidearen sarreran topatu zuten 50 bat urteko gizona, eta Ertzaintzak identifikatu egin zuen. Casanovak salaketa jarri zuen eta epaiketa egitea espero du orain.
Itziar Otegi Amarako Talde Feministako kideak “kezkatuta” dagoela onartu du, “ez udalak, eta ez Ertzaintzak” ez dutelako “posizionamendu argirik erakusten”. “Emakumeen etxeak esan digunez, ez dute baimenik Askabide aurretik pasatzeko, lege berria dela eta, eta teorian galarazi beharko lukete”.
Bere ustez, ordea, talde hauek saiatu egingo dira Askabideraino joaten: “Ilegala izan arren, jende hau faxista da, eta baliabide nahikoak dituzte horrelako zerbait egiteko”.
Auzoko bizilagunak “kontzientziatuta” daudela uste du Otaegik, eta “babesa” dutela sentitzen du. “Okerrena izango litzateke Askabidera iristea. Orain gehiago, legea gure alde dagoenean. Eskubidea dugu jazarriak izan gabe bizitzeko”.
Beñat Iturrizak argi dio: “Honek guztiak ez du katolizismoarekin zer ikusirik, eskuin muturra da”. Gaineratu duenez, Voxeko Donostiako egoitza oso aktiboa da: “Astero antolatzen dituzte hitzaldiak kanpoko jendearekin, eta hor batzen dira. Kantabriako Voxekoak, Alacantekoak, Madrilgoak… Erdialdean erakunde ultraeskuindar aktibo bat dugu funtzionatzen eta onartezina da, uste duguna baino aktiboagoak dira eta. Lau katu direla? Bai, baina lehen bi ziren”.