"Gure hirian ez dugu horrelako jokabiderik onartuko"

RezarNoEsDelito 'Rezar no es delito' prozesioaren bi antolatzaile Ertzaintzarekin hitz egiten. (Argazkia: Joseba Parron San Sebastian)

Larunbatean abortuaren kontrako beste prozesio bat egitekoak ziren Rezar no es delito (Otoitz egitea ez da delitu) lelopean. Ordea, Ertzaintzak legez kanpokoa zela jakinarazi zien, eta bertan behera utzi zuten. Horren inguruan galdetu dio hedabide honek Eneko Goia alkateari, eta jarrera horiek “onartezinak” direla adierazi du, Tokiko Gobernu Batzorde osteko prentsaurrekoan.

Amarako Askabide klinikaren aurrean egin izan diren elkarretaratze eta protestak adierazpen instituzional baten bidez gaitzetsi zituen udalak. “Gaur egungo legediaren arabera, horrelako protestarik ezin da egin. Horregatik, deialdi bat egiten denean Ertzaintzarekin hitz egiten dugu bertan behera utz ditzaten”, nabarmendu du alkateak: “Gure hirian ez dugu horrelako jokabiderik onartuko. Jendearen askatasuna eta eskubideak urratzen dituzte halako protestek. Erabat gaitzesten ditugu”.

Hain zuzen ere, apirilaren 14an sartu zen indarrean haurdunaldia eteten zuten kliniken aurrean abortuaren aurkako protestak egitea debekatzen duen legea, eta mugimendu feministak erakundeei exijitu die ekitaldi horiek debekatzeko neurriak hartzeko.