Erresidentzietako negoziazio mahaian aurrerapausorik izan ez denez, greba egingo dute maiatzaren 19an
Gipuzkoako erresidentzietan greba eguna deitu dute sindikatuek, patronalak negoziazio mahaira “esku hutsik” azaldu ondoren. ELA eta LAB sindikatuek salatu dutenez patronala negoziazioa blokeatzen ari da. 258 greba eguna izango da Gipuzkoako adinekoen egoitzetan.
Orain bost urte hasi zen Gipuzkoako adinekoen egoitzetako negoziaketa, eta grebak hasi zirenetik lau urte pasa dira. Egoera honen aurrean, sindikatuek bilera batera deitu zituen patronalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak, gatazkari irtenbidea bilatzeko. Bilerara patronala bakarrik joan zen eta negoziazio mahaia deitzea erabaki zen. Atzo abiatu zen etapa berri hori bigarren negoziazio mahaiarekin. Testuinguru horretan “patronalaren borondate falta, lotsagarria” dela iritzi dute sindikatuek.
Hurrengo negoziazio mahaia maiatzaren 20an egingo da, eta “patronalak bere horretan jarraitzen badu”, ELAk parte hartzeari utziko diola adierazi du: “Ez da negoziazio itxurakerietan arituko”.
Gipuzkoako Foru Aldundiari gogorarazi nahi izan diote gatazka honetan daukan “erantzukizuna”: “Aldundiari dagokio patronalei proposamenak aurkeztu ditzaten eskatzea, zabaldu den abagunea aprobetxatzeko”.
LABek adierazi duenez, borroka “nekaezin eta eredugarria” babestu eta “presio sozial zein sindikala biderkatzeko” unea da. Sindikatu abertzalearen ustez “ezinbestekoa izango da langile guztien inplikazio eta elkarlana, batasun sindikaletik hasi eta egoiliarren senideen elkarteen zein mugimendu sozial ezberdinen artean aliantzak eraikitzeraino”.