Jose Brunet Berminghamen argazki bilduma pribatua, argitara
Koldo Mitxelena Kulturuneak Aurrera eginez – Progresando erakusketa inauguratu du. Jose Brunet Bermingham enpresari eta zinegotzi ohi donostiarraren argazki bilduma pribatua erakusten du. XIX. mendeko azken hereneko Donostiako eta Gipuzkoako argitaratu gabeko argazkiak dira. Gipuzkoako Aldundiko Kultura sailak antolatu du erakusketa Donostiako Sustapenarekin lankidetzan, eta uztailaren 30era arte ikusi ahal izango da. Lola Horcajo eta Juan Jose Fernandez dira erakusketaren komisarioak.
Argitara eman duten argazki bildumak Donostiako historiaren hirigintza eraldaketa handiena erakusten du, itsasadarrari eta itsasoari lurrak irabaziz egindakoa. Garai hartan berrikuntza handiak gertatu ziren; trenbidea, gasa, ur korrontea, tranbia eta elektrizitatea. Berrikuntza horiek biztanleen eguneroko bizimodua hobetu zuten. Aldi berean, lantegiek, merkataritzak eta turismoaren industria berriak lanpostu berriak eta etorkizunerako aukerak eman zituzten, baita emakumeentzat ere.
Bisitariak irudi bakoitza leiho ireki gisa ikusi ahal izango du, garai hartako zuzeneko ikuspegiekin, herritarrek eguneroko zereginetan erakusten diguten benetako denbora tunel gisa, merkaturako bidean edo ibaian garbitzen, bilakaera azkarreko gizarte batean, zeinak aurrerapen berriak gogoko baitzituen eta horiek lortzeko indarrak batzen baitzituen.
Brunet Berminghamen ondorengoek, historikoki duen garrantziaz jabetuta, ondare baliotsu hori gordetzen eta babesten jakin dute. Argazkilariaren birbiloba bat, Joaquin Mencos Doussinague, Real Defensa markesa, da gaur egungo jabea. Eskuzabaltasun osoz eskaini dio aldundiari Nafarroako Errege Artxibo Nagusian gordeta dagoen bilduma. Han, arretaz zaharberritu dute.