PPk 4.000 sinadura erregistratu ditu udaletxean, Erdialdean motorren zirkulazioa "ez mugatzeko"
Donostiako PPren udal taldeak 4.000 sinadura erregistratu ditu Erdialdeko Udalinfo bulegoan, udalak Erdialdean motorren zirkulazioa mugatu ez dezan. “Donostiar hauek nazkatuta daude hiri honek ez duelako mugikortasun planik. Udal gobernuak Donostian dauden 26.000 motorren zirkulazioa mugatu nahi du, eta sinatu dutena horren kontra daude”, azaldu du Borja Corominas zinegotziak.
Motorra autoa baino “jasangarriagoa” dela gaineratu du Corominasek, eta ez duela “inolako zentzurik” Erdialdean ibilgailu horien sarbidea mugatzeak. “Hiritarrek ez dute oztopo gehiagorik behar lanera iristeko, erosketaren bat egiteko, familiak bisitatzeko edo hondartzara iristeko”, nabarmendu du.
Udal hauteskundeetan EAJk irabazten badu, Erdialdea motorrei “itxiko” dietela uste du Corominasek: “Ezin dugu onartu Eneko Goiaren udal gobernuak kale bat bestearen atzetik ixtea zirkulazioari alternatibarik eman gabe. Pilaketak eragiten ari dira Donostiako alde batetik bestera. Motorren zirkulazioa mugatzeak arazo gehiago sortuko lituzke”.