'Zuekin azkena' agur bira aurkeztu du Skakeitanek
Hamalau urteren ostean agur esango zuela iragarri zuen Skakeitan talde donostiarrak apirilaren amaieran. Gaur, agur bira berezia aurkeztu dute Zuekin azkena izenpean, hogeitik gora kontzerturekin. Donostian jotzeko data, Aste Nagusian izango da, eta data gehiago iragarriko dituztela aurreratu dute. 2o23an egingo dute azken kontzertua oraindik iragarri gabeko lekuan.
Argitaratu duten oharrean, proiektuaren ardatz nagusia “ilusioa eta laguntasuna” izan direla aitortu zuten, nerabeak zirela sortu baitzuten taldea, eta aldaketak izan dituen arren, asko direlako hasieratik taldearen parte izan direnak: “Bai, agur esatera gatoz. Eh, baina baikor eta irribarretsu, jada adostu baikenuen zer idatzi gure epilogoan, oraindik erraietatik ateratzen zaiguna eta bide honi amaiera emateko era onena: Asko maite gera”.
Bost lan kaleratu dituzte eta bi bilduma, ska eta rock doinuetatik, pop eta elektronikara ibilbidea eginez: Skakeitan (2010), Ahots gabekoen ahotsa (2012, Mauka), Orekariak (2014, Mauka), Galera (2016, Mauka), Galera Beats (2017, Mauka) – Remixak, Nola galdu denbora (2019, Mauka) eta zuzeneko batean grabatutako Eman ez genuen kontzertua (2021, Mauka).