Basque Culinary Center-en Groseko egoitza 2023ko martxoan hasiko dira eraikitzen
Danimarkako BIG arkitektura estudioaren 'Olatuen bidea' proposamenak irabazi du erakundearen nazioarteko lehiaketa. Egoitzaren diseinuaren xehetasunak aurkeztu dituzte.
Groseko Okendo Alde eremuan eraikiko du Basque Culinary Center erakundeak hiriko bere bigarren egoitza. Horrela iragarri zuen, eta horrela baieztatu du gaur ohar baten bidez. Nazioarteko lehiaketa bat egin dute egoitza berriaren diseinua zehazteko, eta proiektu irabazlearen xehetasunak aurkeztu dituzte. Zehazki, Danimarkako BIG (Bjarke Ingels Group) arkitektura estudioaren Olatuen bidea proposamena da aurrera eramango dutena.
Groseko egoitza 2023ko martxoan eraikitzen hastea aurreikusten du BCC erakundeak, eta lanak 2024rako bukatzea espero dute. Aurrekontua 26 milioi euro ingurukoa izango da. Horietatik, Eusko Jaurlaritzak 18 milioi euro jarriko ditu. Gipuzkoako Aldundiak 6 milioi euro eta BCC erakundeak 2 milioi euro. Donostiako Udalak ez du dirurik jarriko; horren ordez, Okendo Alde eremuko lursail zati bat eman dio.
Hilabete hasieran, IRUTXULOKO HITZA Donostiako Udal Gobernuarekin jarri zen harremanetan Basque Culinary Center-en bigarren egoitzaren inguruan galdetzeko. Orduan, proiekturik ez zegoela erantzun zuen udalak, eta gai hori erakundeak berak zeramala. Hamar egun beranduago, proiekturik badela ziurtatu du BCC-k, eta horren xehetasunak eman ditu. Hedabide honek Okendo Alde lursailari buruzko erreportaje bat argitaratu zuen pasa den astean.
Gastronomy Open Ecosystem
Basque Culinary Center-en bigarren egoitzaren izena Gastronomy Open Ecosystem (GOe) izango da. “Espazio horrek lotura bat sinbolizatzen du, gastronomiaren, talentuaren, zientziaren, berrikuntzaren, ekintzailetzaren eta hiriaren arteko lotura”, adierazi du erakundeak.
Horrekin batera, “munduan parekorik ez duen talentu kontzentrazio bat” izango dela nabarmendu dute: “Gastronomiaren sektore zabalean ikerketarako, berrikuntzarako, esperimentaziorako, ekintzailetzarako eta graduondoko prestakuntzarako jarduerak egiteko leku bat”.
Basque Culinary Centerreko zuzendari nagusi Joxe Mari Aizegak adierazi duenez, “Gastronomy Open Ecosystem eraikina Basque Culinary Center-en etorkizuneko estrategia da, 360º-ko gastronomiaren ikuspegian oinarritua. Gune horretan, talentua, ikerketa, berrikuntza eta ekintzailetza biltzen dira, xedetzat harturik gastronomiaren mugak eta etorkizuna aztertuko dituen nazioarteko erreferentzia bihurtzea”.
Eneko Goia alkateak, berriz, esan du proiektu hau “mugarri berri bat” izango dela hirian. “Lehenik eta behin, arkitekturaren ikuspuntutik, goi mailako proiektua ekarriko duelako, hirian erreferentzia berri bat eraikiz eta Groseko ingurunea hobetuz. Bestetik, Basque Culinary Center bezalako proiektua indartuko duelako, talentua erakarriz, Donostia, Gipuzkoa eta Euskadi gastronomiaren munduan eragile aitzindari bezala sendotuko duelako”.