Urketariak bere lekua hartu du Sarriegi plazan
Sarriegi plazako behin-behineko kokalekuan jarri dute Urketariaren eskultura berria. Danbor jotzailearen parean dago, eta Raimundo Sarriegiren bustoaren atzean. Union Artesana elkartearen ekimenez jarri dute urketaria plazan. 2020an 150. urteurrena ospatu zuen elkarteak, eta orduan iragarri zuen urteurreneko egitasmoetako bat urketariarena zela. Donostiako Udalak bat egin du egitasmoarekin, eta 35.300 euro bideratu ditu eskultura egiteko.
Urketaria obra Nino Barriuso artistak Alfa Arte tailerrean brontzez egindako eskultura da, eta berdintasunaren aldeko jaiak lortzeko lan egin duten pertsona eta erakundeak omentzea du helburu. Izan ere, 1980ra arte ez zen atera lehen aldiz danborrada misto bat, non emakumeek instrumentu bat jotzen parte hartzen zuten. Aitzindaria Kresala elkartea izan zen, eta urketarien figura sortu zuen, ferra joz, emakumeak festan integratzeko bide gisa.
“Eskultura berri honek Donostia bere esparru guztietatik berdintasunaren alde lan egiten duen hiria dela gogorarazteko balio digu, gure gizartean emakumeak duen paperari balioa emanez”, azaldu du Eneko Goia alkateak.
Eskultura multzoa
Urketariak osatu du Sarriegi plazako eskultura multzoa. Laster plazako elementuak berrantolatuko ditu udalak, eta aipaturiko eskultura multzoa erdialdera eramango dute. Zehazki, hamar metro inguru mugituko dute plaza barrualderantz, eta idulki berri bat jarriko diote azpian.
Multzo honen lehen pieza 1964an Jose Lopetegi Goikoetxeak Raimundo Sarriegiri egindako bustoa izan zen, Narrika kaletik gertu kokatu zena. Ondoren, 1972an, danborrariaren figura sartu zen, hiriko elkarte gastronomikoen ekimenez, eta, horretarako, ingurua birmoldatu zen, atzeko pareta kenduta, landaretza erantsita eta hesi apaingarri bat jarrita.
2002. urtean plaza birmoldatu eta Raimundo Sarriegiren bustoa brontzezko beste bategatik ordeztu zen –jatorrizkoa hormigoizkoa zen–, gaur egun ezagutzen dugun multzoari bide emanez. Bustoaren kopia hau Nino Barriusok egin zuen, Urketariarekin obra osatzeaz arduratu den artistak.