Belodromoa eta Miniestadioa itxi dituzte, euriak eragindako kalteengatik
Igandean Donostian izandako ekaitzak euri zaparrada handiak eta kazkabarra bota zituen, eta kalteak eragin zituen hiriko hainbat gunetan. Hain zuzen ere, udal instalazio batzuetan kalte esanguratsuak sortu zituen euriak, eta, horregatik, Antonio Elorza Belodromoa eta Miniestadioa itxi behar izan dituzte. Bereziki, belodromoko gimnasioetan eta ikastaroetarako guneetan eta Miniestadioko gimnasioan izan ziren kalteak. Belodromoko pistetan ez zen ura sartu, baina sarrerako tunelean bai, eta pistetara sartzetik gertu egon zen: 50 zentimetrora.
Horrela, arratsaldeko ikastaroak bertan behera utzi dituzte, eta biharkoak Paco Yoldi kiroldegira eramango dituzte. Paco Yoldiko pistetan ere kalteak izan ziren, baina eremua garbitzen ari dira, eta astelehen goizean bertan irekitzea aurreikusten du udalak.
Era berean, kalteak izan dira Bidebietako eta Intxaurrondoko kiroldegietan: Bidebietan, ikastaroetako aretoetan izan dira kalteak, eta, horregatik, astearteko ikastaroak pistetara eramango dituzte. Intxaurrondon, ikastaroetako aretoetan izan dira kalteak baita ere, eta, beraz, baliteke eragozpenak sortzea.
Jarraian, udalak belodromoko kalteetan grabatutako bideoak, eta, amaieran, Martin Ibabe Kiroletako zinegotziaren azalpenak: